Hamarkadatako abusuak eta «ekosistema» oso baten babesa salatu dute
Patxi Ezkiaga irakasle oiharen abusuak salatu dituzte Loiolan.La Salleko ikasle oihak La Salle ikastetxeko ikasle ohi talde batek deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten larunbatean Loiolan, Patxi Ezkiaga irakasle ohiak burututako sexu abusuak salatzeko. Biktimei babes osoa adierazteaz gain, ikastetxearen jarrera “etsigarria” kritikatu dute, Arartekoaren gomendioei muzin egiteagatik.
Duela bi urte lehertu zen auziaren aurrean, taldeak urrats bat aurrera egitea erabaki du, biktimei “pitzadurarik gabeko babesa” emateko eta erakundeak emandako erantzuna publikoki salatzeko. Udal taldeek, ikastetxeko irakasleek, ikasle oihek eta IGEak ere, besteak beste, bat egin zuten deialdiarekin.
Izozmendiaren punta
Ikasle ohiek irakurritako komunikatuan argi utzi dute Ezkiagak hamarkadetan zehar egindako abusuak ez zirela isolatuak izan. Haien hitzetan, hasieran “errealitate ezkutu bat” zirudiena, “izozmendi baten goiko erpina” besterik ez da izan. Salatu dutenez, adin txikikoek pairatutako eraso horiek “ekosistema oso baten” babesean gertatu ziren, eta beraiek, orduan haur eta nerabe zirela, guztiaren lekuko izan zirela aitortu dute.
Ikastetxearen jarrera, jomugan
Salaketa, ordea, ez da iraganeko gertaeretara mugatu. Ikasle ohien taldeak gogor kritikatu du La Sallek azken bi urteotan izan duen jarrera. Ikastetxeak abusuak aitortu baditu ere, taldearen ustez, “ezezkoa eman dio babeserako, egiarako eta erreparazio kolektiborako bideari”.
Kritika horrekin bat dator Arartekoaren txostena ere. Ikasle ohien esanetan, ikastetxea biktimak “birbiktimizatzen” saiatu da, haien arteko batasuna hausteko ahaleginak eginez. “La Salleren jarrera orain artekoa den bitartean, ikastetxea zikina dagoela usteko dugu, lizunak jota”.
Taldeak eskaera zehatza egin dio La Salleri: Arartekoaren bitartez biktimek aurkeztu zituzten bost eskakizunak bere egitea. Horrez gain, honako konpromisoak aldarrikatu dituzte: erreparazio kolektibo zintzoa, egia osoa jakiteko eskubidea eta antolatzen jarraitzeko asmoa; helburuak lortu arte, mobilizazioekin eta elkartasun sareekin jarraituko dutela ohartarazi dute.


