Insaustik turismo zerga uda honetan ezartzeko eskatu du
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Jon Insausti alkateak presazko deia egin die Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politikoei: turismo zerga uda honetan bertan kobratu ahal izatea. Alkatearen ustez, hiriak ezin du gehiago itxaron turismoaren eragina kudeatzeko tresnak izateko, eta foru arauaren izapidetzea aprobetxatu behar dela uste du, “prozesua azkartzeko”; hala, eskatu die hilaren 24ra arte dagoen zuzenketak sartzeko epea balia dezatela, zerga lehenbailehen aplikatu ahal izateko formulak bilatzeko: “Ez da aitzakiak bilatzeko garaia, hirian gertatzen ari denari erantzunak ematekoa baizik”.
Eredu turistiko orekatua
Eskaera hau ez da isolatua; alkateak gogorarazi du Donostia aitzindaria izaten ari dela turismoaren kudeaketa berrian, hala nola hotel berrien irekiera mugatzen, turismo ostatuen ikuskapenak indartzen edota bisita gidatuak arautzen.
Insaustiren ustez, eredu aldaketa horrek baliabide ekonomikoak behar ditu zerbitzu publikoak indartzeko eta bizikidetza bermatzeko: “Zentzuzkoa da hiriaz gozatzen dutenek hiria hobetzen ere laguntzea”, gaineratu du.
Mezua, Eusko Jaurlaritzari
Alkatea Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuari ere zuzendu zaio, “jarrera proaktiboa izan dezala eta donostiarrei entzun diezaiela” eskatzeko. 2027ra arte itxarotea planteatzen duten ahotsen aurrean, Insaustik azpimarratu du Donostiak bultza egin duela tresna hau egon dadin eta, orain, “lehenbailehen aktibatzea” dela dagokiena.
Udalak orain arte alegaziorik aurkeztu ez badu ere —erakundeen arteko denborak errespetatzeagatik—, Insaustik argi utzi du azken unera arte lan egingo duela zerga ahalik eta lasterren aplikatu dadin.


