«Helburua da ahalduntzen ari den euskaldunak bere inguruan eragitea»
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskaldunentzako ahalduntze ikastaroa antolatu du, hizkuntza estresari aurre egitea helburu. Imanol Artola Arretxe 'Felix' soziolinguista (Amezketa, 1989) izango da irakaslea, eta ikastaroaren nondik norakoak azaldu dizkio IRUTXULOKO HITZAri.
Imanol Artola Arretxe 'Felix' izango da Bagerak antolatutako euskaldunentzako ahalduntze ikastaroko irakaslea.Galtzaundi Hizkuntza estres uneak identifikatzea, horiek eragiten dituzten faktoreak aztertzea eta egoera deseroso horietan lasaiago aritzeko norberak eman nahi dituen urratsak zehaztea dira ikastaroaren helburu nagusiak. Ikastaroaren saioak apirilaren 16an eta 23an eta maiatzaren 7an eta 14an egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara, Bagera elkartean bertan. Hemen eman daiteke izena (35 euro).
Zein da Bagera elkartearekin antolatutako euskaldunentzako ahalduntzen ikastaroaren helburua?
Estres linguistikoa euskaldun gehienok askotan bizi dugun zerbait da, leku eta egoera askotan ez jakitea euskaraz egin dezakegun ala ez, zalantza hori edukitzea. Horren aurrean, ikastaroak eman nahi duen tresna da pertsona bakoitzak bere hizkuntza hautua egitea. Hau da, zalantzak ekiditea eta egoera bakoitzaren aurretik zuk zeuk argi edukitzea zein hizkuntzatan egingo duzun eta horrekin lasai gelditzea, zuk aukeratzea zein hizkuntzatan hitz egingo duzun egoera edo leku jakin batean, eta hautua ez egin behar izatea inperatibo ideologikoengatik, deserosotasunagatik edo dena delakoagatik.
Nola landuko duzue hori guztia ikastaroan?
Alde batetik, teoria soziolinguistikoa eta psikolinguistikoa daude, oinarri gisa. Ez dugu asko sakonduko, baina gako batzuk emango ditugu ondo ulertzeko zer den hizkuntza minorizatu bat eta horrek sozialki nola funtzionatzen duen, baita norbanakooi nola eragiten digun ere.
Bestetik, partekatzea da beste lan ildoa. Ikastaroaren funtzionamendua da bakoitzak duen estres linguistikoa identifikatzea, eta horren inguruko helburuak jartzea, bai saio bakoitzaren hurrengo saiorako eta bai ikastaroaren amaierarako ere. Horrela, parte hartzaile bakoitza joango da estres linguistiko hori kudeatzen eta gainditzeko urratsak egiten. Bizipenak partekatzea oso baliotsua da, askotan, ez garelako gai gure hizkuntza arazoak ondo identifikatzeko eta irtenbideak bilatzeko. Aldiz, ondokoarena entzutean, distantziatik, errazago identifikatzen ditugu arazoak eta irtenbide posibleak. Ispilu efektu bat sortzen du partekatze horrek, alegia.
Aurretik eman dituzu halako ikastaroak?
Tolosaldean, lau aldiz antolatu ditugu halakoak, eta, beti, parte hartu izan duen jendeak gehien-gehien nabarmentzen duena da besteen bizipenak entzuten zenbat ikasi duen.
Erabilera da euskarak duen erronka nagusienetako bat, eta, hain zuzen ere, ildo horretatik doa ikastaroa, ezta?
Ezagutza erabilerak ematen du eta erabiltzeko ezagutu behar duzu; hau da, sorgin gurpil bat da. Baina hirugarren faktore bat ere badago hor: erosotasuna. Ni hirugarren horretan zentratzen naiz, batez ere: noiz gauden eroso hizkuntza bat erabiltzeko eta noiz deseroso, eta zergatik sentitzen garen deseroso batzuetan. Deserosotasuna zurea da pertsonalki ala kanpoko begirada batek eragiten dizu deserosotasuna? Kanpoko begiradak sortzen badizu, begirada hori legitimoa da? Hor sartzen dira ahalduntzea eta asertibitatea, eta horiek asko lantzen ditugu ikastaroan.
Hizkuntza asertibitatea da ni menpekoa ez izatea, hau da, hautua egitea zure hizkuntzara ez pasatzeko, eta zuri ere ez eskatzea nirera pasatzeko. Nik euskaraz egingo dudala erabaki dut, zuk egin nahi duzuna. Hortik aurrera, Euskaraldiaren moduko egitasmoek irakatsi digute ez dela erraza elkarrizketa elebidunak mantentzea, eta, gehienetan, bietako bat amore ematen duela; gehienetan, euskaldunak. Baina, oro har, hautua egiten duzunean, zuk euskaraz egiten baduzu eta ez bazara erdarara pasatzen, parekoa, azkenean, euskarara pasatzen da. Kontua da, gehienetan, gu pasatzen garela erdarara, eta ez daukagula esperientzia hori. Orduan, ikastaroko parte hartzaile bakoitzak erabaki du zer helburu jarriko dituen eta nola landuko dituen: izan daiteke bikotekidearekin afalorduan euskaraz egiteko hautua egitea, ezezagunekin egitea, lagun jakin batekin…
Donostiako ikastaroa ondo badoa, aurrerago gehiago antolatuko dituzue?
Bai, noski. Gainera, ahalduntzen den pertsona bat erreferentzia bihurtzen da ingurukoentzat. Ikusten duzunean linguistikoki ahaldundutako pertsona bat zerbitzari erdaldun bati asertibitatez eta goxo-goxo euskaraz hitz egiten, erdarara pasatu gabe, askotan, zu ere kutsatzen zaitu ahalduntze horrek. Horregatik, epe luzerako helburua da ahalduntzen ari den euskaldunak bere inguruan eragitea.


