«Inoiz ez dugu jo hainbeste jenderen aurrean; basakeria bat izan da»
Sevillako Realaren 'fan zonetik' La Cartuja estadiora kalejiran irten ziren Ilargi txarangakoak larunbatean, milaka realzaleren konpainian. Taldeko Oier Mikeok xehetasun guztiak eman dizkigu.
Oier Mikeo, Ilargi txarangako kidea.Nagore Garmendia Zer moduz aje emozionala?
Gogorra! Atzo etorri ginen, autobus batean hamabi ordu pasatu ondoren, eta ja bidaia gogorra egiten da. Bideoak ikusten egon ginen, asteburua pixka bat asimilatzen, eta horrek are gogorragoa egiten du. Baina ondo, oso pozik gaude egindakorekin. Eta momentu hori gogoratzeak badu aje emozionaletik baina baita poztasunetik ere, bizi izan dugunarengatik.
Harro zaudete egindako lanarekin?
Bai, bai. Errespetua ematen zigun, inoiz ez dugu jo hainbeste jenderen aurrean, hainbeste jenderentzat. Guretzako erronka bat izan da; dena ondo ateratzea nahi genuen, eta hala izan zen. Giroa kristoren polita zen; jendeak ere laguntzen du, zentzu horretan.
Milaka pertsona batu zenituzten. Motibazioa izarretan, ezta?
Bai, giroa baldin badago zu ere gehiago motibatzen zara. Beldur gutxiagorekin jotzen duzu, zu ere giroaren parte zarelako.
Realak deitu zintuzten. Nola jaso zenuten albistea?
Ezusteko nahiko handia izan zen, egia esan. Astebete lehenago jarri ziren gurekin harremanetan, oso azkar antolatu behar izan genuen dena. Asimilatzeko ere tarte gutxi izan genuen, baina izugarrizko ilusioa egin zigun. Taldekide gehienak Realeko bazkideak gara, eta batzuk joateko sarrerarik gabe geratu ginen… orduan, gero aukera hau edukitzea izugarria izan zen.
Pasatu duzue aste guztia entseatzen orduan, ez?
Bai, egin dugu entsegu kolektibo bat prestatzeko han joko genuena, baina gero bakoitzak, bere kabuz, etxean entseatu du. Gauzak ondo ateratzeko beharrezkoa zen hori egitea.
Esan duzu realzaleak zaretela. Zentzu horretan, ilusioa askoz ere handiagoa izango da.
Bai, bai noski. Eta txarangako taldekide batzuk, bazkide ez direnak ezta futbolzaleak ere, gero partiduan ia ni bezain urduri zeuden. Hunkigarria izan da. Azkenean, giroaz kutsatzen zara, nahiz eta futbola ez jarraitu. Baldin badago giro bat laguntzen duena emozio eta urduritasun horiek ateratzen, jendea ere batzen da sentimendu horretara.
Nolakoa zen giroa Sevillan?
Kristorena. Harrituta gelditu ginen. fan zonea beteta zegoen, eta konturatu ginen kanpoan zeudela beste 3.000 pertsona zain… izugarria. Giroa polita zen fan zonean ere bai, baina kalejiran atera ginenean, basakeria bat izan zen. Jende pila bat zegoen, eta denek errespetuz tratatu gintuzten.
Eta badago halako momentu zehatzen bat, berezia?
Bidaikoa baten bat bai, baina “ganberradak” guretzat gordeko ditugu! [barrez]. Emanaldi guztia izan zen oso polita. Ordubete inguruz denok topera ibili ginen, eta ez daukat ezer berezirik azpimarratzeko. Dena nabarmenduko nuke.
Txaranga batek zenbaterainoko garrantzia du horrelako final baten aurreko giro horretan?
Garrantzia duen ez dakit, baina giroan laguntzen du. Inportantea da giro hori iristea jendea dagoen leku guztietara, eta horri dagokionez, komentatzen egon gara taldean, agian, txaranga bakarra gutxiegi dela horrelako zerbaitetarako, hainbeste jende dagoen zerbaitetarako. Baina guk gure lana egin dugu, eta ondo egin dugula uste dut.
Zer izan zen jendeak gehien kantatu zuena?
Kalejira ezagunak: Txuri-Urdin, Ikusi mendizaleak… Denok dakizkigun abesti horiek, herrikoiak.
Ilargirentzat, zer suposatzen du maila honetako ekitaldi batean jotzeak?
Guretzako esposizio handi bat izan da, inoiz ez dugulako jo hainbeste pertsonaren aurrean. Eta Euskal Herritik kanpo ere, lehenengo aldia izan da. Esperientzia berri bat, inoiz ez dugu egin horrelako bidaia bat, ez gara sekula hain urruti joan. Talde gisa ere, elkarbizitza hori edukitzeko aukera bat izan da.
Eta bidaia hau eta zer egiteko gai zareten ikusita, non gustatuko litzaizueke jotzea?
Badakit taldeko batzuek nahi dutela Piraten txupinazoan jo. Uste dut hemen inguruko jaiak direla ilusio gehien egiten digutenak, bertakoak garelako eta bertako jaietan jotzeak beti ilusioa egiten dizu. Beraz, Euskal Herriko emanaldi potente bat edo Aste Nagusiko gaueko kalejira bat, agian. Horrelako zerbait.

