Langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean
Maiatzaren Lehenerako prestatuko mobilizazioak eta irakurketa aurkeztu ditu LABek, Easo plazan.LAB LABek agerraldia egin du Easo plazan Maiatzaren Lehenerako prestatuko irakurketaren berri emateko. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak, 26 lagun atzean zituztela azaldu dituzte eguneko nondik norakoak. Easo plaza horretatik bertatik abiatuko da manifestazio nagusia, 12:00etan, eta leku beretik emango du LABek eguneko adierazpena.
Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoa eta soldata nahiz pentsio duinak.
Nazioarteko testuinguruari begiratuta, “genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak”, agerian utziz “kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala eta heteropatriarkala”. Hala, ohartarazi du, gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko dela patronala, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez. Horri erantzunez, LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean.
Agerraldian nabarmendu dute testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen duela, eta hortaz, bai langile bai pentsiodun guztiei diru sarrera bat bermatu behar zaiela, alegia, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina, maiatzaren 17ko greba orokorrean aldarrikatu moduan. Horri lotuta, Arroyok gaitzetsi du greba orokorretik hilabete pasatu denean, patronala entzungor egitea. “Mahaian esertzeari uko egiten diote, badakitelako gure proposamena bidezkoa eta bideragarria dela. Grebaren egunean esan genuen bezala, patronalak, ezezko bakoitzarekin, bere burua desprestigiatzen du, eta euskal sindikatuon posizioa indartzen. Hemen, Espainiako Estatuan ez bezala, badago borrokarako prestasuna eta indarra daukan sindikalismoa”.
Ildo beretik, deitoratu dute Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOrekin batera iragarritako asmoa. “Confebask gutxieneko soldataz negoziatzera behartu beharrean, bere neurriko eszenifikazio bat antolatu du Pradalesen gobernuak. UGT eta CCOO euren zerbitzura jarri dira, finantziazio handiago baten truke”.
Hiru aldiz salagarria dela esan du: “euskal langileen beharrei muzin egiten dielako, gehiengo sindikalari bizkarra ematen zaiolako eta atxikimendu politikoaren salerosketaren eskeman oinarritzen delako”. Arroyoren esanetan, Pradalesek irudikatu nahi izan duen aldaketa ezerezean geratu da: “osasun mahaia sindikatu guztien iritziaren kontra itxi zuen; bi herri ekimen legegile eztabaidatzeari uko egin zion; eta orain gutxiengo sindikalean oinarritzen da gehiengoaren ordezkagarritasunari eta eskariari muzin egiteko. Pradales Urkulluren kopia bilakatu da”.
Horrelako amarruek porrot egingo dutela iragarri du, gainera: “Euskal langileek sindikalismo borrokalariaren aldeko hautua egiten dute; hala erakusten du LABen etengabeko hazkundeak. Euskal langileek badakite antolakuntza eta borroka kolektiboa direla gure eskubideen alde egiteko bidea. Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da munduan, Europan eta bereziki Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea”.
Beraz, gutxi batzuen etekinak beharrean, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean: gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko; zerbitzu publikoak sendotzea, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko; etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitzea; eta industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatzea.
