Lourdes Iriondoren literatur lana berreskuratzen duten bi liburu aurkeztu dituzte
Lourdes Iriondoren lanekin osatutako liburuxken aurkezpeneko irudia. Gipuzkoako Foru Aldundia 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal kulturaren berrikuntzan itzal handieneko sortzaileetako bat izan zen Lourdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, 2005). Hala ere, bere lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Hori zuzendu eta herritarren eskura jartzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aztarna argitaletxeak elkarlanean argitaratu dituzte bi liburuxka: Lourdes Iriondo. Ipuinak eta Lourdes Iriondo. Antzezlanak. Horietan, egileak batez ere haur eta gazteentzat idatzitako bi genero horietako lanak bildu dituzte.
Iriondoren lana berreskuratzea ezinbesteko sortzaile batentzat “justizia kulturala” lortzeko modua dela adierazi zuen Goizane Alvarez Kultur diputatuak, baina baita “memoria kolektiboa indartzekoa” ere. Euskal kultura “askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa” eraikitzen lagundu zuen emakume bat izan zen Iriondo, eta halako ekimenak garrantzitsuak dira “obra baliotsu bat” iraunarazteaz gain, denbora luzez bigarren mailan geratu diren emakume sortzaileak “aldarrikatu”, haien ekarpena “aitortu”eta kulturan “dagokion lekua” emateko.
Liburuaren egileak Alex Gurrutxaga eta Lorea Jainaga dira. Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, Frankismoan kantagintzan eta haur literaturan “ekarpen izugarria” egin zuen Iriondok, “ondorengoentzat bidea urratuz”. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz.
“Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz”, gehitu zuten. Hain zuzen ere, haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere. “Liburuok eskertza bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat”.
Ikusizko alderdiari eta material osagarriak berreskuratzeari jarri zaion artagatik ere nabarmendu zuten argitalpen berria. Maite Gurrutxagaren irudiek Iriondoren lanaren espiritua jaso eta orainaldira proiektatzen dute. Era berean, QR kodeen bitartez, Lourdes Iriondok berak diskotan erregistratutako ipuinen jatorrizko grabazioetara sartzeko bidea ematen du edizioak. Hala, irakurketa esperientzia aberastu daiteke eta ikuspegi zabalago batetik hurbildu gaitezke haren sormenaren unibertsora.
Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren “Txiliku” arduratu da hizkuntza berrikusteaz.
