Merkatari eta ostalarientzako gaztelania-euskara hiztegia eskuragarri jarri du udalak
Plaza Berriko terraza bat.Irutxuloko Hitza Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako gaztelania-euskara hiztegia argitaratu du, helburu zehatz batekin: “Euskara ulertzen ez duten langileei tresna praktikoa eskaintzea, euskara ulertu eta erabiltzen hasteko”. “Gero eta pertsona migratzaile gehiago ari da lanean sektorean eta horientzat hiztegia euskarara hurbiltzeko tresna lagungarria izatea da asmoa”, gaineratu du Euskara Zerbitzuak.
Nabarmendu dute Donostiako biztanleen %47k euskaraz hitz egiten dakiela eta beste %21ek euskara ulertzen duela, eta euskaraz dakiten bezeroek, oro har, arreta euskaraz jasotzea “eskertzen” dutela “euskarak gertutasuna eta konfiantza transmititzen baitie”. “Gainera, bezeroek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea dute. Hori dela eta, garrantzitsua da sektorean jendaurrean lanean ari diren eta euskara ez dakiten langileek euskarazko oinarrizko hitz edo esaldi batzuk ulertu eta erabiltzen hastea”, gaineratu dute.
Egunerokoan ostalaritzan erabiltzen diren hitz eta esamolde oinarrizkoenak jasotzen ditu hiztegiak eta sei ataletan banatuta dago: Agurrak, Tabernan, Jangelan, Ohiko Esaldiak, Ordaindu eta Kobratu, Zenbakiak eta Agurtzeko Esamoldeak. Poltsikorako hiztegi txikia da, praktikoa eta une oro eskura izateko modukoa; hemen kontsultatu eta deskargatu dezakezue, formatu digitalean.
Hiztegia establezimenduetan aurkezteko lehenengo fasea apirilean eta maiatzean egingo du Euskara Zerbitzuak, Donostiako 300 bat ostalaritza establezimendu bisitatuz. Parte Zaharra, Altza, Bidebieta, Herrera, Intxaurrondo eta Antiguako hainbat taberna bisitatuko dituzte lehen fasean. Guztira, 3.000 ale fisiko argitaratu dituzte, doan banatzeko; udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Plaza Berria, 2, behea) ere eskuratu daiteke.


