Loiolako Erriberak behar dituen zerbitzuak lehenestea nahi dute
Eusko Jaurlaritzak ia 300 zuzkidura bizitoki eraiki nahi ditu Loiolako Erriberan, zerbitzuetarako aurreikusita zeuden bi lursailetan. Auzo elkartea horren inguruko parte hartze prozesu bat eskatzen ari da, eta manifestaziora deitu dute gaurko.
Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen simulazioa. Eusko Jaurlaritza Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan libre dauden azken lursailak zuzkidura bizitokiak eraikitzeko erabili nahi ditu, zerbitzuetarako aurreikusita bazeuden ere. Zehazki, 83 zuzkidura bizitoki eraiki nahi dituzte auzoaren sarreraren ondoan dagoen lursailean eta 200 Iesu elizaren ondokoan. Kopuru handiegiak direla iritzita, ahotsa altxatu du auzo elkarteak: «Loiolatik gertuen dagoen lursailean, kirol ekipamenduak zeuden aurreikusita, eta Amara Berritik gertuen dagoenean, aurreikusita zegoen Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan dituen zerbitzu guztiak zentralizatzeko eraikin bat egitea. Horrela aurreikusita zegoen auzoa definitzeko plana egin zenetik», azaldu du auzo elkarteko kide eta bozeramaile Javier Santosek.
Loiolako Erriberan bizitoki horiek guztiak pilatzea «astakeria» dela salatu du auzo elkartekoak: «Suposatuko luke Donostiako auzo batean eraikitzea hurrengo urteetan Bizkaia osoan eraikiko duten zuzkidura bizitokien kopuru bera». Gaineratu duenez, bizitoki eredu horrek agintarientzat duen «abantaila da hiri antolamenduko plan orokorraren gainetik pasatu zaitezkeela, zuzkidura bizitokiak eraikitzeko ez dutelako etxebizitza araudia aplikatzen, bizitegi larrialdiko araudia baizik».

Imanol Pradales lehendakaria eta Jon Insausti alkatea Loiolako Erriberan, zuzkidura bizitokien inguruko agerraldi batean.EAJ
Zerbitzuen beharra
Aipatu moduan, lursail horiek zerbitzuetarako zeuden aurreikusita, eta auzoak halakoen beharra duela nabarmendu du Santosek. Bereziki, etorkizunean anbulatorio bat beharko dutela uste du: «Anbulatorioari dagokionez, Amara Berriren mende gaude, dagoeneko 30.000 bizilaguni zerbitzua ematen diena (Loiolako Erribera, Amara Berri eta Morlans). Txomiñenean anbulatorio berri bat eraikiko dute, Txomiñeneari, Lorategi Hiriko bizilagunei eta, etorkizunean, kuartelen eta kartzelaren eremuetan biziko direnei zerbitzua emango diena; beraz, hori ere kolapsatu egingo dela uste dugu. Eta ona etortzen badira bizitzera beste 250-300 pertsona, tartean arreta sanitarioa beharko duten adinekoak, sistema are gehiago kolapsatuko da». Gaur egun, daukatenarekin «moldatu» daitezkeela dio, baina «250-300 bizilagun berri» hartzen baditu Loiolako Erriberak, «argi» dugu beste anbulatorio bat beharko duela: «Eta badakigu ez daukatela egiteko asmorik».
Anbulatorioa, ordea, ez da duten behar bakarra: «Ez daukagu haurtxokorik, gaztelekurik ezta adinekoentzako gunerik ere, Loiolara edo Amara Berrira joan behar dugu. Egin dezakegu, baina 6.000 biztanleko auzo bat gara, eta ez da gutxi».
Lursail horiek zerbitzuetarako zeuden aurreikusita, eta auzoak halakoen beharra duela nabarmendu du Santosek
«Kopuru minimo arrazionala»
Auzo elkartekoen ustez, Loiolako Erriberan eraiki beharrekoa eraikita dago, baina zuzkidura bizitokiak eraikitzera badoaz, «kopuru minimo arrazionala» izatea eskatzen ari dira, 283 horietatik urrun.
Era berean, egitekotan, donostiarrentzat egitea nahi dute: «Jaurlaritzaren irizpideekin, adibidez, Getxon urtebetez erroldatuta dagoen pertsona batek, zerrendan Donostiako baten gainetik badago, lehenago jasoko du bizitoki horietako bat. Hau da, ez du erraztuko Donostiako gazteen emantzipazioa bere horretan». «Behin erabakia hartuta, esajerazio bat iruditzen zaigu Bizkaian bezain beste zuzkidura etxe eraikitzea auzo honetan, dorre altuak eraikiz. Kopuru minimo arrazionala eraikitzen bada, eskatzen dugu udalaren menpekoek funtzionatzen duten moduan funtzionatzea, horiek ez direlako gaizki funtzionatzen ari Donostian; Jaurlaritzarenak, aldiz, bai», gaineratu du Santosek. Ahotsa are gehiago goratzeko, aldarrikapen horiek guztiak kalera aterako dituzte gaur, 18:00etan: bi lursailak lotuko dituzte, manifestazio baten bidez.


