Mediokre eta prekarioa
Filma: Un Poeta
Zuzendaria: Simon Mesa Soto
Urtea: 2026
Herrialdea: Kolonbia
Fokua ertzeko pertsona eta istorioetan jarri duten film emozionalek ardaztu dute Simon Mesa Soto zinemagile kolonbiarraren ibilbidea. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen Antioquiako Unibertsitatean, eta, ostean, Zinema Zuzendaritzaren masterra burutu zuen Londresko Zinema Eskolan. Hain zuzen ere, espezializazio garai hartakoak dira Beth eta Home Back izeneko bere lehen film laburrak. Nazioarteko onespena eta ospea, ordea, bere gradu amaierako proiektuak ekarri zion: Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma eta Chicagoko Nazioarteko Zinemaldiko Sari Nagusia eskuratu zituen Leidi (2014) ama gazte baten istorioak.
2017an, Ocultismo ekoizpen etxea sortu zuen, eta zigilu propioa bilakatu zuen horrekin ekoitzi zuen Amparo (2021), bere lehen lan luzea, armadak errekrutatu ostean, bere semea berreskuratzeko borrokatuko den ama ezkongabe bati buruzkoa. Besteak beste, 69. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean aurkeztu zuen, eta Cannesko, Chicagoko, Limako eta Punta del Esteko jaialdietan ere saritua izan zen.
Bada, ibilbide labur, baina oparo honen bigarren film luzea du Un Poeta (2025), 73. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos Saileko garaile bilakatu zuen lan txiki eta kritikoa, bere bokazio artistikoaren eta eguneroko prekarietatearen artean harrapatuta dagoen gizon baten erretratu intimoa.
Oscar Restrepo poeta, filmeko protagonista, ez da gai izan literaturan hasi zenean espero zitzaion etorkizuna berresteko; baldintza xumeetan bizi da, eta poesiarekiko duen grina bizirik mantentzen saiatzen da, arte adierazpen horrekiko axolagabea —edo, are, kontrakoa— dirudien ingurune batean. Bere borroka propio horrez gain, amaren zaintzaren ardura darama bizkar gainean. Etsipena besarkatzeko unea duela uste duenean, ordea, Yurlady izeneko bere ikasle nerabearengan topatuko du aurrera egiteko itxaropen bultzada; haren aburuz, poesiaren diamante landugabea baita gaztea.
Premisa erabilia dirudien arren, atalen bidezko pertsonaiaren azterketa xehea ondu du zuzendariak, behatzailea, pausatua eta gizatiarra. Hain zuzen ere, tonuan asmatzea da filmaren lorpen handienetako bat: dramatismo gehiegizkoa saihestu, eta mintzaira dokumentaletik gertu dagoen antzeko errealismo baten alde egin du Mesa Sotok. Kamera pertsonaiarengandik hurbil mantentzen da, ia harekin batera arnasten balu bezala; isilune luzeak daude, une deserosoak eta baita geldotasun sentsazio etengabea. Horiexek dira bere protagonistaren existentziaren habeak, eta, beraz, haren bizitza zintzotasunez islatzeko hauta zitzakeen errekurtso bakarrak ere. Era berean, azpimarratzekoa da ia soinu bandarik ez egotea.
Azkenik, umore beltzez jantzitako satira soilean geratu ordez, prekarietate artistikoari lotutako afera sozial eta sistematiko desberdinak azaleratzen dituen kritika zorrotza planteatu izanaren ausardia aitortu behar zaio zuzendariari. Bide horretan, argia da mahaigaineratzen duen galdera: posible al da bokazio artistiko bati eustea, aitortzarik edo egonkortasunik gabe?


