Hasieran... Los Agaros taldea zegoen
Aiestaran Amunarriz anaien obrari buruzko 'Oharra: artistak ez du bisitarik nahi' erakusketaren testuinguruan, Los Agaros talde donostiar aitzindariari buruzko mahai ingurua egin zuten joan den astean Okendo Kultur Etxean, baita kontzertu historiko bat eskaini ere.
Hamarkada askoren ondoren, Los Agaros taldeak kontzertua eskaini zuen Okendo Kultur Etxean, mahai inguruaren ostean. Ezker-eskuin: Alejandro Pro, Oriol Flores, Carlos Subijana eta Antonio Pro.Beñat Parra Estilo desberdinetako Donostiako egungo hamarnaka musika taldeen aurretik, 2000ko hamarkadaren hasierako pop talde eta bakarlari entzutetsu donostiarren aurretik, 1990eko hamarkadako Donosti Sound mugimenduaren aurretik, 1980ko hamarkadako Euskal Rock Erradikala delakoaren aurretik eta Ez Dok Amairuren aurretik, bazegoen musika eszenarik Donostian. Eta hor zegoen Los Agaros taldea, “musika modernoa” jotzen, beste hainbat talderen artean. Berezitasun garrantzitsu bat izan zuen, ordea, Los Agarosek: Espainiako Estatuan estereo motako LP bat grabatu zuen lehenengo taldea izan zen. The Beatlesen aurretik ere hor zeuden Los Agaros: “Bigarren belaunaldikoak ziren The Beatles, gure erreferenteak The Shadows ziren”.
Taldeaz beraz eta garai hartan luze eta zabal aritu ziren joan den astean Okendo Kultur Etxean, Oharra: artistak ez du bisitarik nahi erakusketaren testuinguruan, Ricardo Aldarondo kazetariak gidatutako mahai inguruan. Lau hizlarietako bi jatorrizko Agaroetako bi ziren: Antonio Pro eta Alejandro Pro anaiak, gitarrista eta abeslaria eta gitarrista, hurrenez hurren (83 eta 82 urte). Miguel Angel Vega Chua eta Iñaki Aiestaran Txiki ziren taldeko jatorrizko beste bi kideak, baina Txiki 2000. urtean zendu zen eta Chuak ezin izan zuen saioan parte hartu, osasun arrazoiengatik; Oriol Flores bateria jotzaileak —Diego Vasalloren Lose taldean dabil egun— eta Carlos Subijana baxu jotzaileak —Brakaman talde historikoan aritutakoa, besteak beste— ordezkatu zituzten.
Oharra: artistak ez du bisitarik nahi erakusketaren testuinguruan egin zuten mahai ingurua, Aiestaran Amunarriz anaien —Iñaki (Txiki), Pedro (Popotxo) eta Jesus— obra baitu ardatz erakusketa horrek eta, hain zuzen, Aiestarantarren etxea izan zen Los Agarosen ernamuinetako bat, 1950eko hamarkadaren bukaeran, frankismo betean: “Orduan ‘musika modernoa’ deitzen zen horren diskoak heltzen ziren etxe hartara, eta han elkartzen ginen hainbat kide, entzuteko”, gogoratu zuen Antonio Prok.

Los Agaros taldeari buruzko mahai ingurua, Okendo Kultur Etxean. Ezker-eskuin: Ricardo Aldarondo moderatzailea, Alejandro eta Antonio Pro anaiak eta Los Agaroseko kideak, Oriol Flores bateria jotzailea eta Carlos Subijana baxu jotzailea.Beñat Parra
Lehenengo gitarrak, eskuz
Espiritual beltzak, rock-and-rolla, lehenengo pop doinuak eta halakoak ziren Aiestarantarren etxean entzuten zituztenak, eta laster piztu zitzaien halako musika sortzeko gogoa. Ordea, gitarra elektrikorik ez zutela eta, Pro anaien aitak egin zizkien lehenengo gitarra elektrikoak, eskuz —¡Tengo una guitarra eléctrica! (Gitarra elektriko bat daukat!) zen mahai inguruaren izenburua, hain zuzen ere—. Hain justu, musikan murgiltzen hasi zirenean etxean edukitako “babesa” goraipatu zuten Pro anaiek.
Horrela, “musika moderno” hori beraien estilora ekartzen hasi ziren Agaroak. Hori bai, mahai inguruan Pro anaiek behin eta berriro argi utzi zutenez, bere horretan “kopiatu” gabe: “Bertsioak ere egiten genituen, baina ekarpen bat eginez beti”. 196oko lehenengo urte haietan, gero eta ezagunagoak egin ziren Donostian eta inguruan, eta Madrilen disko bat grabatzeko eskaintza egin zieten. Hala ere, ez ziren halako talde donostiar bakarra; Antonio Prok nabarmendu zuenez, hamabost bat talde ezagutzen zituzten Donostian orduan, baina Jose Luis Olabeaga Donostiako musika zale amorratuak egindako dokumentazio lanari esker, badakite “30 inguru” zirela garai hartan hirian eta inguruko herrietan zeuden musika taldeak. Are gehiago, “antzerkia, pintura… mobida oso bat zegoen garai hartan Donostian”.
Sinestezina badirudi ere, 1960. urtearen bueltan, donostiar batzuk Sleepy Time Gal eta When The Saints Go Marching In-en moduko klasikoak jotzen eta grabatzen ari ziren
1964an grabatu zuten diskoa, Espainiako Estatuko lehenengo estereo motako LPa: “Hamalau kanta grabatu genituen, zortzi orduko estudioko saio batean, dena jarraian”, nabarmendu zuen Antonio Prok. Horrela, sinestezina badirudi ere, 1960. urtearen bueltan, donostiar batzuk Sleepy Time Gal eta When The Saints Go Marching In-en moduko klasikoak jotzen eta grabatzen ari ziren; bi abesti horien Los Agarosen garaiko grabazioak jarri zituzten mahai inguruan, hain zuzen ere, Chua eta Txiki omentzeko.
Aipatu moduan, bertsioak jotzea bai, baina abesti propioak jotzea zuten gustukoago Agaroek, eta euren estiloari eusteko printzipio horrek eragin zuen Madrildik alde egitea, azaldu zutenez: “Benidormeko jaialdiko azken kanta arrakastatsua grabatzea nahi zuten, baina ezetz esan genien”.
Kontzertu historikoa, ixteko
196oko hamarkadako Donostia hartako kultur giroaz blaituta, Los Agarosen musika entzuteko irrikaz zeuden Okendo Kultur Etxeko aretoa bete zuten ikus-entzuleak. Hain zuzen ere, Pro anaiek musika sortzen eta jotzen jarraitu dute hamarkadotan, baina hamarkadak dira Los Agaros azkenekoz zuzenean ikusi ahal izan zenetik.
Chua eta Txiki gabe, baina Flores eta Subijanarekin, bada, Los Agarosen errepertorioaren zatitxo bat zuzenean entzuteko aukera eduki zuten ikus-entzuleek. Baita gozatzekoa ere, kontzertu laburra, baina goxoa eta ederra izan baitzen. Baita historikoa ere, aipaturiko guztiarengatik. Azkena izango ote da?


