BALA eta Niña Coyote eta Chico Tornadok bat egin dute, Ategorrietako sarraskia oroitzeko
Niña Coyote eta Chico Tornado. Ategorrietan Fisterra lanak memoria historikoa, musika eta komikia uztartu ditu Euskal Herriko langile mugimenduaren pasarte ilunenetako bat berreskuratzeko. Proiektuaren lehen aurrerapenetako bat aurkeztu dute orain: Ategorrietan Fisterra abestia, BALA eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen elkarlanetik sortua. Kantuak komikiaren soinu bandako bi piezetako bat osatzen du, eta jada ikusgai dago Arkaitz Artolak egindako bideokliparekin batera.
Abestiaren hitzak Anxela Baltarrek eta Koldo Soretek sortu dituzte, Aviles de Taramancosen poemetan oinarrituta. Musikalki, bi unibertso uztartzen ditu: alde batetik, BALA talde galiziarraren indar gordina —Anxela Baltar gitarra eta ahotsean, eta Violeta Mosquera baterian—; bestetik, Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarren soinu ilun eta basatia, Ursula Strongen bateria eta Koldo Soreten gitarra eta ahotsarekin. Pieza 2025eko irailean grabatu eta nahastu zuten Elkar estudioetan Victor Sanchezen gidaritzapean; Balaren zatiak, berriz, Galizian grabatu zituen Yago Corralek. Masterizazioa Ultramarinos estudioetan egin du Victor Garciak.
Baina kantuaren indarra ez dago soilik musikan. Ategorrietan Fisterra komikiak 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrietan gertatutako sarraskia ekartzen du gogora. Espainiako Bigarren Errepublika ezarri berritan, Pasaiatik zetorren manifestazio handi bat geldiarazi zuen Guardia Zibilak. Protestaren lehen lerroan emakumeak eta haurrak zihoazen; atzetik, arrantzaleak, portuko langileak eta auzotarrak. Korneta baten soinua entzun eta berehala hasi ziren tiroak. Dozenaka bala jaurti zituzten kargagailuak hustu arte, eta hildako zein zauritu ugari utzi zituzten kalean.
“Ategorrieta” —hirira ekialdetik sartzeko “Ate Gorria”— “Finis Terrae” bihurtu zen egun hartan. Lanaren abiapuntua Guardia Zibilak hildako José Novo galiziarraren ondorengoekin egindako elkarrizketa izan da. Hortik abiatuta, egileek Pasaiako lan gatazkaren kronika eta sarraskiaren kontakizuna osatu dituzte, lekuko zuzenen testigantzak eta fikzio historikoa uztartuz. Benetako pertsonaiek eta fikziozkoek elkarrekin egiten dute bidaia, gertatutakoaren memoria berreraikitzeko.
Egileek nabarmendu dute Donostiaren irudi “aristokratiko eta orbangabeak” hamarkadetan estali duela gertakari hau. Hala ere, Ategorrietakoa XX. mendeko langileen aurkako sarraskirik handiena izan zen Euskal Herrian. Paradoxikoki, gaur egun oso jende gutxik gogoratzen du. “Ezagutzen dena baino ezin da gogoratu”, diote proiektuaren sustatzaileek, memoria historikoa berpizteko beharra azpimarratuz.
Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabalek idatzi dute gidoia eta Malen Ganzarainek egin ditu ilustrazioak. Argia-k argitaratu ditu komikia eta biniloa eta hemen daude eskuragarri.


