Arrastoa utzi nahi duen igeltseroa
Filma: Enzo
Zuzendaria: Robin Campillo
Urtea: 2025
Herrialdea: Frantzia
Filma bukatzear zela zendu zen Laurent Cantet, eta haren lagun min Robin Campillok borobildu behar izan du Enzo. Gera zitekeen esku onenetan aurkitu du proiektuak babesa, baina ez pentsa hala moduz egin duenik, zinema sozial garaikidearen maisua izan denaren arimak bizi-bizi baitirau; ezin zitekeen bestela izan. Kolaboratzaile izan dira urte luzez, eta oso gertuko daude bataren zein bestearen ikuskera. Elkarlanaren emaitza dira harrera ezin hobea izan duten L’Emploi du temps (2001), Vers le sud (2005), Entre les murs (2008), Foxfire (2012) edota Retour à Ithaque (2014) eta L’Atelier (2017).
Frantzia hegoaldean girotua, munduan bere tokia aurkitu nahi duen 16 urteko Enzoren istorioa dakarte oraingoan, Eloy Pohuk interpretatuko duena. Familia aberats bateko semea da, goi esfera intelektualaren tradizioan hezitakoa. Leiho gardenek ahalbidetutako etxe argitsu eta modernoan bizi da, liburuz beteta dagoena. Muino batean kokatuta egonik, han behean sumatuko da itsaso zabala, akaso urrutiegi. Aldiz, aitaren (Pierfrancesco Favino) etxeko igerilekuarekin konformatu beharko du; luxua liteke askorentzat, ez ordea itota sentitzen den nerabe batentzat.
Enzo inguratuko duten irudiek axolagabe hitz egingo digute, soinu paisaia hiperrealista bidelagun. Igeltsero lanetan ezagutuko dugu protagonista, eskuekin lan eginda, arrastoa, ondarea, utzi nahian. Etxe bat eraikitzen ari da ukrainar etorkin-talde batekin, baina aberriaren alde egiteko deia iritsiko zaie, Ukrainia defendatzeko. Vlad (Maksym Slivinskui) da horietako bat, Enzo hormigoizko paretetatik ateraraziko duena.
Eta biziagotuko da, horrela, gaztearen larritasuna. Hain zuzen ere, bizi egin nahiko baitu, bere bizitza eta ez beste inorena. Eskuak gogortuta, minduta, begirada altxatuko du zerura, baina ez du bakerik aurkituko, kilkerrak ari baitira bere ezinegon existentziala gogorarazten. Egunsentian hartuko dute atseden, itsasoaren orro oldarkorrak isilaraziko dituenean. Harkaitzetan etzanda, amildegiaren ertzean, mutiko berri bat jaioko da.
Ipuin udatiarren ohiko gaietan ardaztuta badago ere (nortasun propioaren eraikuntza, errebeldia, maitasuna eta sexualitatearen pizkundea), Canteten eta Campilloren begirada deseroso, kritiko, zorrotz eta probokatzailearen pean dago Enzo errotuta. Ageriko izango dira (arestian aipatutako lanen ildoari jarraiki) klase sozialen arteko tentsioa, migrazioa eta gerra, eta koherentzia eta armonia osoz josiko dituzte bi sortzaileek protagonistaren (gizabanakoaren) zauriekin. Azken finean, gizarteak pairatzen duen gaitz handienaz ari zaizkigu ohartarazten, Ponpeiako hiria bezain zaharra denaz, indarkeria ororen (psikologiko zein fisiko) eragileaz: maskulinitate toxikoaz.


