Insaustik «elkarrizketa kolektibo bat» abiatuko du «datorren hamarkadako Donostia eraikitzeko»
Bilboko 'Forum Europa. Tribuna Euskadi' ekitaldian parte hartu du Donostiako alkateak, eta hainbat iragarpen egin ditu.
Jon Insausti alkatea, Bilboko foroan.Donostiako Udala Maiatzaren bukaeran, Donostiako Udalak donostiarrei begirako egitasmo bat abiatuko duela aurreratu du gaur Jon Insausti alkateak, Bilboko Forum Europa. Tribuna Euskadi ekitaldian. “Elkarrizketa kolektibo handi bat irekiko dugu donostiarrok hurrengo hamarkadan nola izan nahi dugun eta nola sentitu nahi dugun azaltzeko”, azaldu du.
Alkate gisa daramatzan 195 egunetako kudeaketaren errepasoa egin ondoren, Insaustik ondorioztatu du “gure pribilegiorik handiena dela oraindik erabaki dezakegula zein hiri izan nahi dugun eta donostiarrok nola sentitu nahi dugun”. Bere desio pertsonala ere adierazi du: “Donostia bizitza osoan hemen bizi izan denarentzat maitatua izaten jarraitzea, baina era berean baita bere etorkizuna hemen eraiki nahi duenarentzat ere erakargarria izatea. Azken batean, hiri oparoa eta zoriontsua, guztion artean egina”. Horrela, Batera, bagera, Donostiarra Topera leloa aipatu du.
Gizartea “bizkorragoa, konplexuagoa, exijenteagoa eta globalagoa” bilakatu dela adierazi du alkateak, aldaketa testuinguru baten baitan. Ziur agertu da “aro politiko berri batean sartzen ari garela, non lidergoak ez duen argazkiaren erdigunea okupatzerekin zerikusirik, gaitasunak konektatzea eta adimen kolektiboa aktibatzea baitira gakoak”. Zentzu horretan, “gaur egun hobekien funtzionatzen duten hiriak entzuteko, lankidetzan aritzeko eta aliantza zabalak eraikitzeko gai direnak direla” esan du, eta “politika erabilgarria ez dela gehien oihukatzen duena, gehien eraldatzen duena baizik”.
Parte hartze aktiborako deiaren barruan, berretsi egin du “etorkizuna ez dela heredatzen, hamarkada bakoitzean ideia eta ahots berriak dituen belaunaldi bakoitzeko berriro konkistatzen baita”. Argi eta garbi adierazi du “Euskadin ardurak hartzeko prest dagoen belaunaldi berri bat dagoela”.
Garai honetako kezkekin konektatu nahi izan du eta zenbait datu xehatu ditu. Zahartze-tasa % 26,5era iristen da, hau da, lau donostiarretik batek 65 urte baino gehiago ditu. Bien bitartean, jaiotza-tasak behera egin du, batez besteko adinak gora egin du eta pertsona bakarreko etxekoen unitateak dagoeneko hiru etxebizitzatatik bat dira. Honenbestez, alkateak adierazi duenez, “herritarrek esaten digute etxebizitza bihurtu dela belaunaldien erronka nagusia”.
Gaur egungo erradiografiaren arabera, ia 10.000 etxebizitza eskatzaile daude Etxegintzan izena emanda Donostian bizitzeko, eta, Insaustiren hitzetan, “horrek eskatzen du arin eta ausart jokatzea sustapen berriak garatzeko, alde batetik, eta, bestetik, eraikitako hirian etxebizitzak bereiztea edo lokalen erabilera aldatzea erraztea”.
Etxebizitzaren atalean azaldu duenez, “Donostian 1.100 etxebizitza eraikitzen ari gara dagoeneko Loiolako Lorategi Hirian, Añorga Txikin eta Infernuan. Bestalde, Illarra, Txomiñenea II eta Jolastokietako eremuetan ia 1.000 etxebizitza gehiago izango dira, eta datozen hilabeteetan hasiko dira garatzen”.
“Hiri oparoa eta zoriontsua”
Alkateak helburu bat sozializatu du Bilbotik: “Donostia Europako hiririk oparoena eta zoriontsuena izatea”. Bestalde, gogorarazi du “ekonomia indartsu bat gabe ez dagoela ongizate iraunkorrik, ezta justizia sozialik ere”. Hiriko adierazle positibo batzuk aipatu ditu, hala nola langabezia-tasa txikiena duen Estatuko hiriburua dela (% 5,3) edo batez besteko errenta pertsonala 31.000 eurotik gorakoa dela, Estatuko hiriburuen artean altuena, eta zifra horiek “zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin” lotu ditu.
Apustu hori berresteko beste datu batzuk ere zerrendatu ditu. Donostiak bere BPGaren %3,7 inbertitzen du I+G+b-n, 30 erakunde ditu Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari lotuta, Ibaetako polo kuantikoa errealitate bat da, Columbus Biotech Hub berriak 80 milioi mobilizatzen ditu puntako enpresak erakartzeko, EITBren ikus-entzunezko HUBak bere berrikuntza Miramonen kokatzen du eta topo berriak mugikortasuna irauliko du.
Aldi berean, gaineratu du “hiri humanoa, berdintasunezkoa eta inklusiboa” nahi duela, “zoriontasuna” helburu. Ildo horretan, gogorarazi du 2026ko udal aurrekontuak inoizko sozialenak direla, urtero 180.000 familia artatzen dituztela gizarte zerbitzuek, donostiarren %70ek jarduera fisikoa erregulartasunez egiten dutela eta Donostia Kultura Euskadi osoko klub handiena dela, 130.000 bazkiderekin.
Hala ere, metropoliaren ikuspegia txertatu du, “Donostiaren etorkizuna ezin dela bakarrik ulertu” ondorioztatuz, “Europako euskal metropoli handi baten” alde eginez.


