Tradizioa eta sorkuntza ardatz, badator Altzako Bertso Aroa
Tomasene Kultur Etxea, Altzan.Altzako Historia Mintegia Gaur goizean aurkeztu dute Altzako Bertso Aroa. Aurtengo edizioak kalitate handiko egitaraua prestatu du, tradizioa eta sorkuntza garaikidea uztartuz. Antolatzaileek adierazi dutenez, zikloaren helburu nagusia bertsolaritza hurbileko formatuetan sustatzea da, belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa bermatuz.
Aurtengo kartelak punta-puntako bertsolariak bilduko ditu, baina talentu gazteei plaza eskaintzeko apustu sendoa egin dute, baita ere. Saio nagusiekin batera, formatu bereziko emanaldiak, musika eta hitza uztartzen dituzten ikuskizunak, eta hausnarketarako guneak izango dira nagusi:
Alde batetik, hilaren 27an, asteazkenarekin, Esne berriketan bertso saio literarioa egingo dute Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan; Uxue Alberdiren Amorante lanaz hitz egingo dute, eta Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabal bertsolarien laguntza izango dute.
Bestalde, bertso jaialdia antolatu dute hilaren 31rako, 18:00etan, Altzagainako plaza gorrian. Bertan kantatuko dute Andoni Egañak, Elixabet Etxandik, Alaia Martinek eta Aitor Bizkarrak.
Sarrerak eta egitarauaren xehetasun guztiak datozen egunetan egongo dira eskuragarri.


