Argi izpi bat zapata artean
Maritxu Barriolak euskararen aldeko borrokari eman zion bere bizi osoa. Donostian zuen zapata denda euskarazko liburuak legez kanpo argitaratu eta banatzeko sare klandestino baten egoitza izan zen frankismoan; andre euskaltzalez osatutako sare batena.
Maritxu Barriola, 1987an, hil baino urtebete lehenago, bere ahizpa Kororekin.Koro Rekartek 'Berria'-ri utzitakoa Donostiako Garibai kalea da akaso Donostiako kalerik dotoreenetako bat, baita joan-etorri handieneko bat ere. Hiriaren bihotzeko arteria garrantzitsu horretan, behinola, zapata denda dotore bat egon zen. Barriola letra larriz idatzia zuen goian, eta erakusleiho eder bat haren azpian, ingeles estilokoa. Barrura sartuta, obalo formako mahai batean, zapatak zeuden ikusgai, baita paretetako bitrina handi batean ere: zapatak eta larruak. Eskuz eta neurrira egiten baitzituzten oinetakoak; Espainiako Maria Cristina erreginari eginak zizkioten, adibidez.
1950eko hamarkada da. Frankismo betea Francok udak pasatzen zituen Donostia hartan, euskaraz egin ezin zen Donostia hartan, diktadurarekin bat ez zetozen donostiarrak isilik, ezkutuan edo erbestean zituen hiri hartan. Dendako zapata eta larruek arreta kendu ostean, aurrera begiratu du bezeroak, eta andre dotore bat aurkitu du mahai baten aurrean, urdinez jantzita. «Buenas tardes», esan dio. Bezeroaren beharrak argitu ostean, gela txiki batera joan dira: ispilu handi bat dago, eta haren aurrean erantzi ditu soinean daramatzan oinetakoak, berrien neurriak hartu ahal izateko.
Bezero horrek ez dakiena zera da: dendaren ondoko atariko atetxo batetik sartuta, dendaostean andre eta apaiz ugari daudela beste negozio bat egiteko zain. «Que tenga un buen día», esan ostean, dendaostera jo du dendariak, eta adeitsu agurtu ditu beste bezeroak. Buenas tardes-ak eta Que tenga un buen día-k ez daude han atzean: euskaraz ari dira. Urdinez jantzitako andrea dendaostean duen bulegotxoan sartu da, beste bezero haiei nahi dutena emateko: Nicolas Ormaetxea Orixe-ren Urte guziko meza bezperak liburua, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo edota Martin Txilibitu. Frankismo bete-beteko Donostia erdi-erdiko zapata denda dotore hura hori baino askoz gehiago zen: euskarazko liburuak legez kanpo argitaratu eta banatzeko sare klandestino baten egoitza zen. Eta horren guztiaren buru, andre bat: Maritxu Barriola.
Erreportaje hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; beraz, bertan jarraitu dezakezue osorik irakurtzen.


