Bereizita dauden horiek batzearen edertasuna
'Aran Txan Txan' ipuin ilustratua ondu dute Iratxe Esnaola idazleak (Amara Berri, 1983) eta Izarne Zelaia ilustratzaileak (Egia, 1984). Haurrentzako kanta mitikotik abiatuta, istorio berezi bat sortu dute elkarlanean, distantziak ere batu dezakeela erakutsiz.
'Aran Txan Txan' liburuko ilustrazio bat.Izarne Zelaia Marra zuri batek banatzen du Guliaran herria. Arantxantxandarrak eta guligulitarrak bizi dira bertan, eta ez dute, bereziki, harreman onik. Haurrak distantzia horrekin jaio dira, badakite ezin direla bestaldera igaro… dena delakoarengatik. Ezin dute, eta ez dute egin, orain arte. Eta ez dakite zergatik.
Ezustean, ordea, arauak aldatu behar izaten dira, sarritan. Bizitza errealean, agian, zaila da meteorito bat erori eta gizakiok banatzen gaituen marra desagerraraztea, baina Guliaranen dena da posible. Harri handi, misteriotsu horren aurrean, ez dago balizko marrarik, ez dago distantziarik, etsaitasunik.
Kanta bat ipuin
Iratxe Esnaolak eduki zuen Arantxan Txan haurrentzako kanta mitikoa liburu bihurtzeko ideia, ilobekin jolasean zebilela. Euskal Herrian euskaratu den abesti bat da, haur guztiek kantatzen dutena, mundu mailako «hit» bat, Esnaolaren hitzetan. Istorioa «sinplea» izanda, berau gorpuztuko zuen soineko eder baten bila zebilela gogoratu zen Izarne Zelaia ilustratzailearekin; ezagutzen zuten elkar, eta gustu handiz ekin zioten liburuaren sorkuntzari, elkarrekin. Soinekoak horrela behar zuen, koloretsua, bizia. Zelaiak marrazteko duen moduari fidela izanik, gordin irudikatu nahi izan du azken honek istorioa: «Haurrentzako liburu bat izateagatik, ez nituen irudiak edulkoratu nahi».
Etsaitasunaren koloreak
Orain arte, kantak ez zuen irudirik. Inork ez daki zer den Aran txan txan, zer den guli guli. Arabi nor den. Testuingururik ez, keinuak besterik ez. «Espazio birjin bat», Esnaola eta Zelaiarentzat. Orain, ordea, badu iruditegi propio bat, kolore propio batzuk. Horia, magenta eta urdina, hain zuzen ere. Kolore primarioak dira protagonistak istorio guztian zehar.
Bandoak koloreek banatzen dituzte, batzuen azal kolorea besteen arroparena izanik: «Errealitatean ere, giza taldeen arteko azal koloreen ezberdintasunek markatzen dituzte, sarritan, gatazkak», azaldu du Zelaiak. «Arrazismoaren oinarri absurdoari keinu bat egin nahi izan diot».
Ekaitzean lasaitasuna
Arabik mantentzen du lasaitasuna Guliaranen; bera da jakintsuena, arazoei konponbidea aurkituko diena. Euriaren jainkosa dela esan zitekeen, eta badu, bai, jainkosa kutsua; izan ere, Mari izan du Zelaiak abiapuntu, pertsonaia jakintsu hori irudikatzeko.
Ilustratzaileen lana bada testuak dioenaz harago kontatzea; eta horretarako askatasuna izan du Zelaiak. Askatasuna eta muga. «Eta biak dira beharrezkoak, norberak sortzeko duen askatasunean; lanaren norabidea zehazten laguntzen dit», adierazi du Zelaiak. Esnaolak ez zuen ezer buruan; Zelaiarengan konfiantza, besterik ez.
Hala jaio zen marra zuri hori liburuko bi aldeak banatzen dituen tolesdura izatea.
Ezusteko aukera bat
Sarako liburu azoka alternatiboan aurkeztu zuten liburua, zenbait argitaletxeren aurrean. Txalaparta argitaletxeari piztu zitzaion txinparta, orduan, eta haiekin publikatu dute. «Zoria ala zortea» izan dela kontatu du Esnaolak, batzuetan, ezusteko lekuetan topatzen direlako aukerak. Eta zorionez, zortez, orain izan da Aran Txan Txan-ek argia ikusteko unea, lau urteren ostean.
Erakusteko ezer
Esnaolaren helburua ez da izan, inondik inora, lezio moralik ematea. «Ez naiz inoiz balio batetik hasten; beti dut abiapuntu irudi eder bat, eta hortik datorrena arakatzen dut». Istorio guztiek daukate atzekalde bat, eta honena da, agian, «bereizita dauden horiek batzea».
Haurrak izan dira, une oro, protagonista nagusiak; bai liburuan, baita liburutik kanpo ere. Baina ez dira hartzaile bakarrak: «Irakasle batek, mediatzaile batek, kontatzen badu istorioa, iruditzen zait oso interaktiboa eta oso inportantea, beraien papera». Halere, haurren erreakzioa da gehien inporta zaiona: «Badago jendea garrantzi handiagoa eman diezaiokeena argitaletxearen iritziari, adituei, eta nik horiek baloratzen ditut, baina ez da benetako proba; benetako proba da haurrek nola erantzungo duten».
Abestia buruan dutenek ulertuko dute orain, zer dagoen horren guztiaren atzean. Jarriko diote irudia, kolorea, bizia eta konturatuko dira elkarlana dela bidea, oztopo den hori bidetik kendu, eta denek elkarrekin dantzan egin ahal izateko.



