Glamourraren itzalarena
'Coutures' filmeko fotograma bat. Filma: Coutures.
Zuzendaria: Alice Winocour.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Frantzia / AEB.
Parisko Modaren Astearen zalaparta betean, hiru emakumeren bizitzak gurutzatuko dira. Hirurak ere borrokan ari dira munduko tragediekin eta beren bizitzako kontuekin: Maxime zinema zuzendari estatubatuarrari minbizia diagnostikatu diote; Ada modelo hego sudandar gazteak, markaturiko etorkizun batetik ihes egin eta ingurune ezezagun eta fribolo batean bere tokia aurkitu nahi du; Angele makillatzaile frantziarrak, azkenik, desfileen atzealdean lan egiten du, prekario, eta beste bizimodu bat izan nahiko luke.
Sofistikatua bere eszenaratzean, Angelina Jolieren presentzia du filmak gantxorik handiena. Bere izena kredituetan gailentzen den arren, Alice Winocourrek modako miserien esplorazio korala egiten du Coutures lanean, elkar nahasten diren protagonisten harreman profesional eta pertsonaletatik abiatuta. Esplizituak hiru, inplizituak beste mordo bat.
Izenburuak iradoki dezakeen moduan, bizitzako une desberdinetan ehundutako josturak tartekatuko dira pantailan, emakume askorentzat komunak diren gai eta emozioak harilkatuz. Paperaren gainean nahasketa txukuna begizta daiteke: moda, gaixotasuna, migrazioa, prekaritate emozionala eta nortasun propioaren bilaketa, hori guztia, itxuraren menpe eraikitako ingurune batean. Arazoa da, ordea, filmak ez duela inoiz lortzen geruza horiek benetan elkartzea: fronte ireki eta klimax gehiegi, sentiberatasun handiko une enpatikoak —Angelina Jolie da izarra, baina jar dezagun fokua, arren, Anyier Aneik aktorearen interpretazioan— lortzen dituen arren, xarmarik gabeko ikuspegi lineal batetik idatzitako istorio honetan.
Izan ere, Frantziako artearen balio kulturalari lotutako premisa interesgarri batetik abiatzen bada ere, denbora eta ikuspegi faltak istorioek modu naturalean eboluzionatzea eragozten du. Trama ugari hartzen ditu barne, bakar batean ere sakondu gabe, pertsonaien garapena zein haien gatazken eragina mugatuz.
Esango nuke emakumeen —emakume dirudunen— zauriei eta erresilientziari buruzko drama intimo bat aurkeztea zuela helburua, eta, era berean, Angelina Jolie aktore eta produktore gisa nabarmentzea. Bada, Donostiako Zinemaldiaren 73. ediziotik igarotako harribitxietako bat ikustera nindoanaren esperantzaz heldu naiz aretora, baina, kontrara, gatazka argirik gabeko film batekin egin dut topo. Akaso, Joliek giza zinemarekiko duen konpromisoa indartuko du, baina, alde guztiz, funtzionatzen ez duen proposamena da honakoa.


