12:00etan jotzen du gerra soinu baketsuak
XIX. mendetik, eguerdiro, sirena hots batek abisatzen du: 12:00ak dira. Gipuzkoa plazatik botatako kanoikada batek egiten zuen lehen, eta Garibai kaleko 24. zenbakiko sirena batek hartu zuen lekukoa, gero.
Eguerdiko sirena, Relojeria Internacional dendan.Irutxuloko Hitza Munduko leku gehienetan, sirena baten hotsak alarma gorria pizten du herritarrengan. Fenomeno natural suntsitzaile baten abisua Japonian, lurrikara baten iragarpena Mexikon, edota gaur egun Gazan edo Ukrainan bonbardaketez ohartarazteko aktibatzen diren alarma beldurgarriak. Donostian, ordea, gerra sirena batek egunero jotzen du, baina inor ez doa ihesi, lasterka. Izan ere, gerrarik eta arriskurik gabe, soinu horrek hiri baten nortasuna eta mende bat baino gehiagoko tradizio baten biziraupena irudikatzen du.
Jatorri mekaniko eta eguzkitsua
XIX. mendearen amaieran, kanoi txiki bat zegoen Gipuzkoa plazan. Tresna horrek ez zuen helburu militarrik, funtzio sozial eta kronometriko bat baizik. Egunero, 12:00ak jotzean, kanoiak eztanda egiten zuen, donostiarren harridurarako eta mesederako.
Eguzki izpiek une horretan zuzenean jotzen zutenez, kanoiaren gainean zegoen lupa batek argia metxara bideratzen zuen, eguzkiaren argiarekin piztuz. Lerrokatze zehatz horren ondorioz, metxa belztu eta gailuak eztanda egiten zuen. Horrela jakiten zuten herritarrek eta bisitariek eguna bere erdira iritsi zela.
Antzina, soinu horrek hiriko dendak ixteko ordubete falta zela adierazten zuen. Horrez gain, erlojuak eguneratzeko eta sinkronizatzeko erreferentzia nagusia zen.
‘El Pueblo Vasco’-ren apustua
XX. mendearen hasieran, plazako kanoi historikoa erabiltzeari utzi zitzaion. Hala ere, donostiarrek ez zuten ohitura hori galdu nahi izan, eta 1930ean, El Pueblo Vasco egunkariak tradizioaren lekukoa hartzea erabaki zuen.
Hedabideak sirena bat jarri zuen bere bulegoaren goialdean, Garibai kalean. Horrela, kanoiaren eztandaren ordez, sirena berriaren hotsa bihurtu zen eguerdiko hitzorduaren gidari. 1936an, egunkariak itxi egin zuen, baina sirena ez zen isildu.
Tradizioaren zaindari fidelak
Tradizio baten biziraupena, askotan, konpromisoari lotuta egon ohi da. El Pueblo Vasco joan ondoren, Garibai kaleko 24. zenbakiko lokal hura denda enblematiko bihurtu zen: Relojeria Internacional. Erloju dendaren jabe berriek, tradizioaren garrantziaz jabetuta, sirena bertan mantentzea erabaki zuten, eta egunero, ordu berean, alarma jotzeaz arduratu ziren. Hasierako urteetan eskuz aktibatu behar bazuten ere, gaur egun, prozesu hori automatizatuta dago.
Atzean ez dago inor, baina Garibai kaleko dorrearen goialdean jarraitzen duen gailuak badaki zer den belaunaldi desberdinak pasatzen ikustea; eta donostiarren bizitzaren parte den soinuak luzaroan iraungo du, gerra hori irabazita dagoelako, hasieratik.

