Porturatzea
Itsasontzi baten amarratzea, kaian.Joseba Parron San Sebastian Gustuko dut «porturatu» hitza etxera iritsi naizela adierazteko. Etxea da aingura botatzen duzun leku hori, ulertzen? Aire garbia hartu dezakezun leku hori. Aingura, behar dugunean bizirauteko lotu, sokatik heldu, korapilatu, indarrez estutu. Behar dugunean jakin nor den portu, kai, etxe. Norekin korapilatu, zerekin, benetan eutsita gaudela sentitzeko.
Eskuak herdoilduta ditugunetan nork lotzen dituen bere hatzak gureekin. Nork agurtzen gaituen urrutitik, porturatzean. Nork askatzen duen lotzen gaituen korapiloa, itsaso berriak deskubritzera joan behar dugunetan.
Eta malko horiek.
Behar ditugu itsasoak, arnasteko. Itsasoak, oinak lurrean ditugula sentitzeko. Eutsi, elkartu, korapilatu, ez itotzeko.
Kateatu egiten gara, baina kresalak dena sendatzen duen moduan, herdoildu ere egiten du, badakizu? Denborak egiten duen moduan. Eta zenbateraino hel gaitzakete herdoilduta dauden esku batzuek?
Itsaso berrietan sakontzera joan ordez, herdoilduta dagoen soka horri helduta mantentzen gara sarri, estu, ez gaituelako inoiz askatu. Eta galduko ditugu hain bizirik sentiarazten gaituzten milaka olatu, itotzeko beldurraren erruz.
Baina zerk egiten dio zeri tira? Askatasunak beldurrari ala beldurrak askatasunari?
Bota genezakeen aingura beste portu batzuetan, korapilatu, lotu, estutu gintezkeen soka berritan, eta konturatuko ginateke itotzeko arriskua izan dugun guztietan, azkenean, hartu dugula arnas, arnas bat garbiagoa, biziagoa. Gustuko ditugun olatuen antzekoa, gogoratzen? Ez garela ito. Arnasa hartzeko ere ausarta izan behar da, badakizu? Eta aingurak askatzeko ere bai.

