Larunbatean hasiko da Illunbe eta erdialdea elkartzen dituen autobus zerbitzua
Illunbe eta Erdialdea lotzen dituen autobus elektrikoa.Dbus Larunbatean, uztailak 11, hasiko da Illunbeko doako aparkalekua eta erdigunea lotzen dituen anezka autobusa. Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, sustazen duten zerbitzuak garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko helburua du. Autobusa 12 metrokoa, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa izango da.
Azken urteetan Gabonetan eta udan eskaintzen du zerbitzua Dbusek. Egunero egongo da, 30 minutuan behin, uztailaren 11tik abuztuaren 31a arte. Hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak ordaindu beharko dira zerbitzua erabiltzeko, Dbusek onartzen dituen edozein titulurekin. Hori bai, kontuan hartu bidaia garraio txartelarekin egiten duenak, auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituela Dbuseko sarean.
Bi geltoki edukiko ditu anezka zerbitzuak:
- Illunbeko geltokia: Irteerak 11:00etatik 22:30era, 30 minutuan behin.
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:40ra, 30 minutuan behin.
Illunbeko aparkalekuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua ere erabili ahal izango da disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza ditu eta honako Dbuseko linea erregularrekin du konexioa: 5, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1. Aparkalekura sarrera libre eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu daiteke bertan.

