Abenduko Txoroskopoa
Durangoko Azoka.
Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Aquarius inoiz baino ederrago zaude, kanpotik eta barrutik biziberrituta, distiratsu, zirtolari. Jendea zuri begira geratzen ari da kalean, ez duzu inoiz horrelakorik bizi izan. Norbait ezagutuko duzu, EZ HANKA SARTU. #otoi
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Piscis, piscis, piscis, zer esango dizut ba. Emozioak zaramatza, galbidera. Korrontearen kontra dabilen izokina zarela uste duzu, baina esan dezagun egia, Joxe Mariren bateleko txitxarrua eta berdelaren pare zabiltza azken aldian. Zure esku dago. #hormaketaharresiakezditugumaite
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Hiru hondartzak, Behobia eta maratoia pasa dira eta -azkenean!- heldu da benetako lasterketen garaia: bezperan erositako opariak, egin behar zenuela ahaztu zaizun gabon afaria, 73 bazkari eta afarien krokisa egitea… Ojokuidau asmarekin. #sansilvestrekirolada
Aries ez dizut esan nahi workaholic hutsa zarenik, beraz, workaholic za-bil-tza-la besterik ez dizut esango. Nortasuna ez da estatikoa eta zure azkenaldian joera hau ere ez. Eman gauza bakoitzari daukan garrantzia, neurtu zure energia eta zaindu zure burua. #badatoretabadoa
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Taurus, entzun, harrotuta gaitun! Zer pasatzen zain? Hikadromoan ibili haizenetik ez haut ezagutu ere egin. Gogora ezan hika egiteagatik ez dinala donostiarra izateari utzi. Ez bazara hikadromoan ibili den Taurusa, beharko zenuke. #taurhika
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
“Kaixo, nire izena Geminitxu borroka da, eta abenduan indartsu nator. Inork baino kalimotxo gehiago edan dut, inork baino gaupasa gehiago egin ditut eta inork baino kalabaza gehiago jaso dut. Aurrerantzean, hori izango da nire mantra”. #oaintxeesandezuegiya
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Ez dakit nola ez dizuten oraindik durangar nazionalitatea eman. Urtero-urtero joaten zara azokara, dena ematen duzu euskal disko eta liburuen alde. Denaren harpidedun zara, baita Goienkaleko tabernetakoa ere, are gehiago, batez ere, tabernetakoa. #zuregaraiaDA
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Zure buruari plus hori eskatzea ongi, entrega data mugiezin hori duen proiektua amaitu nahi izatea bale. Baina, baja ez hartzeko oporrak hartzen aritzea? Nahikoa duzu. #aldaezingutxi
Zure kanta: Soldadu sartzea, Bilintx
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Ze sorpresa, ezta, Virgo? Gau beltzean azaldutako mamuak beste behin utzi dio erantzuteari. Ea lagun ikusezinean, azkenerako, buruan sartua duzun txorakeriaz ahaztaraziko zaituen zerbait egokitzen zaizun. #lagunikusezinaedomamuoparia
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Gauzak hala izan dira aspaldian eta horrek funtzionatu izan du. Jarraikortasunak egonkortasuna ematen du eta hori oparotasunaren erakarle da. Edo ez. Zabaldu begirada zure lagun ingeniari zuriez zertxobait harago. #betidanikezdabetirako
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Gaztain usaina, txamarra lodia, eguzki izpi iheskorrak… zure garai faboritoa heldu da, baina ezin guztiz gozatu zaude. Agian kanpotik baino, barrutik berotuko zaituen hori bilatzea komeni zaizu. #sutxikitangoxo
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Hemen da zure aroa, Sagitarius! Goizeko eguzkitan mendi txangoa, gabonetako poteoa, Durangoko Azoka… urduritasunak hartuko zaitu, baina ezti goxotan ibiliko zara. Urte mikatzari garratza kenduko diozu abenduan. #laranjatatxokolate
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Azken aste biak ez dira esperotakoa izan eta berri onak zimelak izan dira. Batzuetan, Capricornius, gauzak ez dira lehenengoan irtetzen, baina ateratzen dira. Eutsi enbata honi, ekaitzaren osteko barea bertan dago-eta. #euriondorenateri



