Asmo zaharrei greba!
CAPRICORNIUS
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Satorralaiari eskerrak emanez bukatu zenuen urtea, Metroaren obren zaratekin hasi. Goiak noriatik jakinarazi du Metroaren lanak urtarrilaren 30ean gelditu egingo direla. Gaineratu du grebalariek Dbus zerbitzua dohainik jasotzeko aukera izango dutela. Patinete elektrikoa ala bizikleta? Greba ala Greta?
#KretanBiziBanintzHobe #U30Gremlins
AQUARIUS
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Urte berriarekin batera asmo zaharrak datozkizu ate (eta danbor) joka, baina hotz gehiegi egiten du atea zabaltzeko, eta udaberrira arte itxoitea erabaki duzu; eta denok, horren alde. Parranda gutxiago egin edo kirol txartela ateratzearenak itxaron dezake, urtarrila oso hilabete gogorra baita erabaki potoloak (Gabonetan jan dituzun guztiak) hartzeko
#potolokeriak #AteaItxiKanpotik
PISCIS
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Berri Txarrak ikustera joan zaren horietakoa bazara ere, mainstream-aren kontrakoa zarenez…Ttan Ttakun festa itzela duzu urtarrilaren 11n Egiako Gazteszenan. Neguko zirri-lagunek kasu askorik egiten ez badizute aukera ederra duzu berri bat aurkitzeko! Ardi latxazko jakaren atzean dagoen pertsona hori bilatu ezazu!
#ardilatxa #borborreroa
ARIES
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Aurten ere han izateko asmoa duzu, urtarrileko lehen asteburu hotz horretan, kriseiluko eta barruko sua pizten, berotasun hori preso eta ihesean dagoenari irits diezaion. Neguazkena litzake manifestazio honen urtarorik oparoena, berriro errepikatu ez dadin, sufrimendu hau eteteko, behingoz. Elkartasun olatua hartzeak eta lagun zahar-berriak ikusteak beti goxatzen du mina.
#neguazkena #246ohehuts
TAURUS
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Taurus maitea, zorionekoa zu! (N)egutegi efektuak jota kirol jarduera desberdinetan izen emateko momentua da! Zure gerrikoak beste zulo bat egiteko aukera badu ere, hobe duzu beteta duzun gerrialde hori arintzea! Ahoa ixtea aukera bat ez denez, hondartzara joan zaitezke korrikalditxo bat egitera edo kuadrillakoen arteko pala txapelketa bat antolatu! Aitzakia hoberik bazkaritxo bat antolatzeko?
#PalalaRikiki #HondartzAreagotu
GEMINIS
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Sebastian bat bada zeruan. Donostia bakarra munduan. Parranda mundiala esperoan. Antiguako txokorik ilunenetan. Irutxuloko Hitzaren harpide diren tabernetan. Purpurinaz betetako garagardotan. Ligatzeko aukera paregabea bertan.
#DanborraNikJotzenDet #U30
CANCER
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
246 taupada. 246 ohe huts. Zenbat motxila urdin? Hainbeste malko isuri. Urtarrilaren 11n Bilbon zein Baionan, 246 taupada hauspotuz. Noizko denak etxean? Pausua motel, lagun zaharrak besarkatu, begiradak eutsi, senide eta lagunak txaloz jaso, emozioak askatu. Autobusetan elkar goxatu. Barne turismo politikoa bultzatu.
#BatInonLoturikDeino #EzGaraLibreIzango #U30
LEO
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Txosnetan hotz handia egiten duela eta, Antiguako anbulatorioa goia jotzeraino betetzen dela eta, txosnetan Frenadol pastillak saltzea baimendu du Gascok. Elegante egunean hasitakoa Ixi Goianetxek ere ezin du asmatu noiz buka daitekeen: Doka irekita noiz nahi, Bermudetako hirukia, kuadrillak…
#EzZaituInorkGeldituko #AntiguaPrest
VIRGO
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Bertsozale friki maite hori! Aramaion huts egin ezin duzun zita duzu Bertso Egunean! Zure hitz joko eta errima arrimatuak dantzan (beti ere asko mugitu gabe) jartzeko aukera paregabea! Ligatzeko aukera ederra da gainera, neurri motz edo luzeetan, ahal bada ahalik eta oin estuenekin noski…
#OinakEmanda #ErrimakArrimatu
LIBRA
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Urgulletik Francok jarritako estatua madarikatua kendu nahi duzula? U30. Noriarik gabeko hirian bizi nahi duzula? U30. Euskaraz bizi nahi duzula? U30. Matxirulodromoa sutan duzula? U30. Organikoa bota behar duzun bakoitzean txartela poltsikoren batean galtzen duzula? U30. Irlako eskultura iruzur hutsa dela? U30. Euskal Herriak independentzia behar duela? U30.
#U30 #GrebaOrokorra
ESCORPIUS
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Izozki bola bakoitzeko plastikozko koilaratxo bat lurrera jaurtitzen dutelako. Pasealeku Berriko bidegorrian bide mozketak egiten dituztelako. Pisu turistikoek jan gaituztelako.Turismo eredua ez delako iraunkorra. Turistak erdigunera eta bizitza periferiara doazelako.
#NiEreGrebalariaNaiz #U30
SAGITARIUS
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Alferkeriak jota hasi duzu urtea. Onargarria den ala ez zeuk erabaki: beirazko potoak birziklatzera botatzean ez diezu tapoia ere kentzen. Letxuga ziztrin bat ez garbitzeagatik erosten duzu poltsan garbituta datorrena. Ez da oso ekologikoa zure logika. Greba, ordea, egin egin behar duzu. Teleberrian adierazi dutenez, errauskailuko langileek ere egingo dute. Ez zara ba gutxiago izango, ezta?
#AlferPrest #GrebaBizi
ZAPABURIUS
Otsailaren 29tik 31ra.
Asmo berrien kutxa ireki duzu. Ortzadarretik ortzadarrera ari zara. Zutik erortzen gara gorantz. Aurten erosketak auzoan, baserriko saskia, mendira igandetan, afaldu zortzietan, iraultza asmoa zainetan, garagardoa benetan.
#EtaZergatikEz? #AurtenEreBai