Ekaineko Txoroskopoa

Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Hastera doa zure urtaro gustukoena, Aquarius. Ezagutzen zaituenak badaki etxean erortzen bada ere bost axola dizula, ez zaitu barruan harrapatuko. Larratxo-Herrera-Buenavista-Amara-Antigua-Oleta-Intxaurrondo-Altza duzu ekaineko etapa. Utzi lorontzietako ura, behintzat, loreentzat. #txoznaztxozna
Zure kanta: Uda da, GudaShow
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Bakailaoa pil-pilean nola ariko zara zu ekainean, Piscis, zure saltsan gori! Kontuz ibili, baina, eta saiatu gauzak txikian mantentzen, ur handitan sartuta ezingo duzu lema zuzendu. Giroa gehiegi berotzean, galerna sartzen dela ez ahaztu. #txoriakgoitikekaitzabehetik
Zure kanta: Estropadak badatoz, Kau Kori Kura
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Askoz hobeto sentituko zara ekainean bai fisikoki, bai emozionalki. Hilbete paregabea izango da yoga, mindfullness edo horrelakoren batekin hasteko. Oporretan nora joan pentsatzen hasteko garaia ere bada, eta gogoratu: Vietnamera joan zaitezke, baina Cascante hortxe dago. #nafarroarragoa
Zure kanta: Oporrak, Yogurina Borova
Aries:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Normala da topera ibili ondoren giroa lasaitzea. Posible da barealdian gaizki-ulertuak sortzea edo momentu batzuetan pazientzia galtzea. Ez kezkatu, ez da larria, blokeo emozionalak ohikoak dira, baina saiatu ahal bezainbat komunikatzen. EHZn norbait ezagutuko duzu eta euskalki guztiak beharko dituzu. #ZazpiakBat
Zure kanta: Basamortua, Marte Lasarte
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Gauza bat da Taurus izatea eta bestea hain temati eta burugogorra izatea. Arrazoia izatea ez da lehia bat, ez da hil ala biziko zerbait. Batzuetan baduzu, baina askotan, gehiegitan, oso maiz ez. Eta, kasu honetan, zuk ere badakizu. Ez egin triple tirabuzoirik arrazoia izateko, erridikulua da. #baleya
Zure kanta: Burugogorra, Diablues Ta Bluezifer
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Ongi etorri zure sasoira, Gemini! Eguzki izpi eta lore, ekainak dakarzkizu mila kolore. Ispiluak aspaldian ematen ez zizun irudia itzuliko dizu eta urrezko orduen monarka bihurtuko zara. Sinistu zugan, kontxo! #ekainaederudahalaber
Zure kanta: Erregea, Zartako-K
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Goren zabiltza Cancer, atzo 15 kilometro egin zenituen, Behobia-Donostiarako dortsala lortu duzu, dena ondo doa! Energiaz bete-beterik zaude eta behar-beharrezkoa izango duzu energia hori hilabete honetan datozen oztopo txikiei aurre egiteko. Baina egon hadi lasai! Egin korrika, baina ez ihes. #Ihesbeteaezdazilegi
Zure kanta: Txis pun, Korrika!, Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Beno, beno, BENO. Uda giroa nabari da kalean, baina baita etxean ere, e, Leo?! Asko pozten naiz zuregatik, harrituta ere banago, aspaldian ez zara horrela ibili. Kontuz, ordea, orain aurpegi bakoitzari dagokion izena gogoratu behar. #AmaiaedoAneedoArekinzen
Zure kanta: Muxu bana, Sune
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Ez da hilabete erraza lanean. Batetik, aurrera egiteko laguntza izango duzu, eta, bestetik, dena emango duzu ondoegi egin arte eta horrek tentsioa sortuko du zure inguruan. Hala ere, jarrera zentzuduna izango duzu eta zugan konfiantza izan dezaketela erakutsiko diezu. #Nagusi
Zure kanta: Haserre hauek, Olaia Inziarte
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Arazoa zure espektatibak dira, Libra. Harremana etetea erabaki duzu inpultsiboki eta orain faltan botatzen duzu. Hara… Harritzekoa. Badakit beldurtu egin zinela, baina ezin duzu edonola itzuli bere bizitzara, min egin diozu. Saia zaitez, baina errespetatu bere espazioa. #Itxaronbainaezespero
Zure kanta: Itzuli neri, Nøgen
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Hilabete honetan lasaiago ibiliko da zure kontu korrontea, beste lehentasun batzuk izango dituzu. Hala ere, badakizu herrietako festak datozela eta kontu pixka batekin ibili beharko duzula ekonomikoki. Zure lana oso ondo dago, baina lanaldi erdian zaude. #kañarenordezzurito
Zure kanta: Diruaren pasarela, Alaitz eta Maider
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Maiatza ez da ondo bukatu, Sagitarius, hori behintzat onartuko dizut. Hala ere, zuk ere badakizu horma hori lodiegia dela zirrikitu bakarra ere egiteko. Indarrak beste nonbait jartzeko garaia heldu zaizu, idorra atzean uztekoa. #zelaitxarrenakereekaineanbelarra
Zure kanta: Zirrikitu baten, Maite Larburu
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Zure semeak ere kargu hartu badizu, Capricornius, ziurrenik baduzu garaia erritmoa moteldu eta beste martxa batean aritzekoa. Denok ulertzen dugu lanak janda zauzkala, baina gertukoak ez dira horren arduradun. #eskuakbetelantailunagainean
Zure kanta: Seme-alabak, Sofokaos