Iraileko txoroskopoa
(Argazkia: Xalba Ramirez) Aquarius: urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Aquarius, Aquarius, Aquarius. Zer? Uda osoan ez dizu denborarik eman txosna guztietan ikusi duzun horrengana hurbildu eta gustuko duzula esateko? Lasai! Porrontxoak, izatez, horretarako antolatzen dituzte. Azken aukera duzu. #espabilatu
Zure kanta: Fusilaren Hotsa, La Txama, Flakofonki
Piscis: otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Andaluzian ibili zara udan. Izkiratxo bat hemen, izkiratxo bat han. Donostiara itzuli eta iraila omen. Uda itxiera bortitza izan da, zure buruari baimena eman baitiozu nahi bezala desiratzeko eta orain lanean hasi behar. Eskerrak lanean ere izango duzun desiratzekorik. #kolpekolpekolpekajositajosi
Zure kanta: Etxean lanean, Xirula Mirula
Aries: martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Zinemaldiko film guztien zerrendari begira? Topatu duzu gustukoren bat? Sarrera erosi beharko duzu lehenbailehen, bestela, pasatu egingo zaizu. Beldurrezkoa? A, ez, zuk zeuk asmatu duzun maitasun pelikularen bila ari zara. Bai… bukatu da. #itsuitsuanamildegitikbehera
Zure kanta: Nola hartu arnasa, Janus Lester, Izaro
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Taurus, bizitzak aukera berri bat eman dizu, edo, hobeto esanda, zuk exijitu diozu bizitzari aukera berri bat, zer demontre! Ausart zabiltza eta horrela maite zaitugu! Amaieratik hasteak hilabete ederra dakarkizu eta urtea ez da beti urtarrilean hasten. Emaion! #betizurekin
Zure kanta: Agian Irailean, Mikel Urdangarin
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Bi hilabete daramazu eguzki izpiei segika eta Donostia zapaldu gabe. Ez dizut gezurrik esango, errutinara itzultzeak izugarrizko jipoi emozionala emango dizu. Eman izena yoga, pilates, yogilates, aeroyoga edo antzekoren batean uda honetako hippijismoa buka ez dadin. #konpiyogi
Zure kanta: Jaioak Hiltea Zor, TOC
Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Zer? Ingurukoek behin eta berriz esan dizuten moduan udan ingeles klaseak ematera etorri den giri-ak ez duela zurekin urrutiko harreman bat izan nahi? Amodio udatiar bat izan zarela? Irailarekin batera bukatuko dela? Ezin sinistu nabil, Cancer. #biboaustetababoaizan
Zure kanta: ezer ez da betiko – Ken Zazpi
Leo: uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Gorrotatua izango ez zinen herri bat bilatzeko erronka bota nizun azken aldian, Leo, ez egon zaren herri bakoitzean maitale bat bilatzekoa. Zoriontzekoa nintzen, baina, akaso, hobe mapa eta agenda bat erostea gomendatu. Itzuliak baino buelta gehiago emango dituzu. #ezkongaietanberokontuakgero
Zure kanta: Maitale izan debalde, Izarrak
Virgo: abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Ene maite, ene maite, ene Virgo maitea! Badakit lanean pasatu duzula uda eta Escorpius dirudizula oporretan ibili diren horiekin herratsu baino herratsuago. Hortaz, bi berri on dauzkat zuretzat, estropadak datoz eta hasi da ofizialki irakasleen depresio garaia! #nigaizkibanagodenokegongogaragaizki
Zure kanta: Ikasten, Berri Txarrak
Libra: irailaren 23tik urriaren 22ra.
Libra, lasai hartu iraila. Ez da erabakiak hartzeko hilabete egokia izango. Jasan ezin duzun zarata hori guztia isiltzen hasiko da, eta zu lasaitzen zoazen heinean barrura begiratzeko unea iritsiko da. Zure buruari entzun behar diozu eta itxaroten ikasi. #emandenbora
Zure kanta: Erabakia, Willis Drummond
Escorpius: urriaren 23tik azaroaren 21era.
Iraila udako igandea omen, Escorpius, baina gaugiro ederragatik sardina jate batekin luza daitekeen igandea, ez otsail hotz eta euritsuko igande depresibo eta grisa. Ez erabili igandea laino beltz guztiak zureganatzeko aitzakia moduan. Unean unekoari heltzea komeni. #lanbroadarizu
Zure kanta: Zerbaiten zain, Olatz Salvador, Izaro
Sagitarius: azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Sagitarius, ez dira betiko garai onenak etxean, baina zure poz eta penen kuota astintzera dator iraila. Zeure buruari jarri diozun harresi horrekin zu zeu ere hasi zara larritzen dagoeneko. Ba, lasai egon, zin dagizut sentimenduak berreskuratuko dituzula. #ahbainikbihotzbatnuen
Zure kanta: Nere sentimendua, Oskorri
Capricornius: abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Lanak lapurtu dizun uda berreskuratzeko hila duzu hau, Capricornius. Lagunekin uda luzatzeko bidaia, eguneko jai parea, Intxaurrondoko festak… Ingurukoak zurbiltzen hastean helduko zara zu izugarri beltzaran. Gorrotatuko zaituzte, baina inbidia da. #zureinbiatikjaiodanirefama
Zure kanta: Auzoan, Arene 6
Zapaburius: otsailaren 29tik 31ra.
Zapaburius, nirekin batera, ireki eskua, begira ezazu, itxi ezazu, ireki ezazu, ireki, itxi, ireki, egin zerbait hartuko bazenu bezala, hartu eta jaurti urruti! Berriz, hartu eta jaurti urruti! Begiratu eskua, ez dago ezer, ezta? Bai, horrela askatzen dira gauzak. AS-KA-TU. #animomotel
Zure kanta: Aska, Xiberoots


