'Izan zoro, izan txoro'
Txoroskopoa, Ixi Goianetxe
Aquarius: Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra. Kirolari plantak egitea gustatzen zaizun arren, hilabete gogorra dator oraingoan. KalderEroak, inauteriak, sagardotegiak… Noiz entrenatuko duzu Lilatoirako? Begiratu zeure barrura, zer da benetan egin nahi duzuna? #KantuLeunakNahiNituzkeJarri Piscis: Otsailaren 19tik martxoaren 20ra. Otsaila otsoaren hila dela-eta pozik zaude, ilargi betearen zain, zer ehizatuko, nork zu ehizatuko… Bada ilargiari begiratzen ez dionik, karratuegirik. Halakoa izan ohi zara zu ere, zer gertatu da oraingoan? #ZureBegietanGorderikNorDa? Aries: Martxoaren 21etik apirilaren 19ra. Aritzea gustoko duen horietakoa zara, geldirik egon baino edozer egiteko prest dagoena. Otsaila osorako planak prest dituzu? Baina benetan uste al duzu inor lortuko duzula zurekin trabesiako eskia praktikatzeko? #GoazenGoazenGoazenGoazen #HemendikAtGogoan Taurus: Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra. Kezkek hartu dizute burua. Tira, komeni da eguneko unetxo ederretan ere arreta jartzea, zorigaiztoak joko zaitu bestela. Otsaileko eguzkiak indartuko zaitu. Udaberriaren atarian zaude dagoeneko. #ItsasoBareaAldatuEginDa Gemini: Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra. Plazerraren uhartean biziko duzu otsaila. Izango duzu norekin egin utopiara bidea. Bidean, biziko duzu egoera gazirik, baina geminiek duzuen zera maitagarri horren laguntzaz, gazia goxatu eta gozo bihurtuko duzu. Kaldereroen letrak iraultzeko prest? Greba feministarako prest? Bildu asanbladetara! #EskutikHelduGabeZeureBuruarenJabeAdorezBustiz Cancer: Ekainaren 22etik uztailaren 22ra. Kaldereroak, inauteriak… mozorrotzea baino nahiago duzu mozkortzea. Hainbatetan zerbitzatu zaituen tabernaria agurtu gabe erronda eskatzeko gai zara. Otsaila ez al da bihotza goroldioz garbitzeko hilabete egokia? #HorrelaJarraitukoDuzuMaiteBarruraBegiratzenHastenZarenArte Leo: Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra. Agenda kulturalari begira zaude baina ez duzu zure gustuko ezer topatu, garaia baita zure letren zurruntasunetik ateratzeko! Behingoagatik konfort egoeratik atera eta egin itzatzu kuadrilakoekin batera planak, gainera, ez dira zure sautrelakide maiteak bezain pedanteak! #plandeneibai #konfortikezeskerrikasko #troLEOa Virgo: Abuztuaren 23tik irailaren 22ra. Goya sariak ikusteko gala etxean prestatzeko aukera ezin hobea duzu! Photo call-a jartzea ezinbestekoa izango duzu hipsterismoaren gailurrera iristeko, beraz aurrera! Hilabetea luzea egingo zaizu baina ziur festan norbait interesgarria ezagutzeko aukera duzula gero planak egin ahal izateko! #fotokokakola #chic #goyabaigoiaez #haundiya Libra: Irailaren 23tik urriaren 22ra. Hotel bat gehiago! Otsaila hots hila ere deitu liteke turistei dagokienez, eta triste zaude horregatik. Euskaraz hitz egiten duen norbait ezagutzeko aukera edukiko duzu aspaldiko partez, beraz adi seinaleei! Euskaraldia aspaldi hasi zen eta kanpaina ondorengo luntxetik haratago iritsiko da #euskaraezdaluntxa #EuskaraALDIAEZeskerrikasko Escorpius: Urriaren 23tik azaroaren 21era. Otsaila zure hilabetea da, motza baina bizi-bizia! Ilargiaren arabera mugitzen bazara ere, argi denak onak dira oraingoan, beraz plan guztiei baiezkoa eman, kortsea kendu eta askatu mototxa! Zure irribarrea arma sekretutzat hartu izan dute beraz kontuz nola erabiltzen duzun! Hilabete honetan duzun energia ondo gestionatu! #eneargia #xirriparra Sagitarius: Azaroaren 22tik abenduaren 21era. Urtarrileko parrandaje denak pasa arren hilabete gogorra datorkizu! Ez duzu zure itxura fisikoa aldatuko duten mozorroak janztea gogoko ez eta aurpegia beltzez margotzea ere… baina maila pegatuak edo zuzenean mozkortzea ere aukera bat da. #mozkorrotzea #mozorrorikez #labelmozorro Capricornius: Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra. Bertsoa.eus-eko agenda buruz dakizu kapritxoso hori, beraz, aukeratu mila eta bat aukeren artean, zure frikismoa asetzeko. Kaldereroak eta Inauteriak zure habitat naturala dira eta zure egoa hazteko aukera paregabea duzu! Zure espezie bereko jende ugari dago zure inguruan, beraz, bilatu itzazu… hurrengo pausoa zure esku #nEGOaezdajoan #alterEGO #koxkhemenbalEGO Zapaburius: Otsailaren 29tik 31ra. Kaldereroetako gatza eta piperra, inauterietako purpurina argitsua, tokian tokiko umiltasunez energia berezia duena zara, zein goxo egoten den zurekin, zeinen interesgarria zaren… ez dago zure parekokorik #eredu #purpurina #famau