Martxoko Txoroskopoa

Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Azkenean heldu da eguna, Aquarius: LIBRE ZARA! Amaitu da behingoz hainbeste lo ordu, lasaitasun eta pote lapurtu dizkizun hori. Orain, besarkatu hasi duzun fase berria, utzi zeure buruari bertan murgiltzen, egoera berri honetara pixkanaka egokitzen eta zer nahi duen adierazten. Eta ez naiz lanari buruz soilik ari. Muxua nahi baduzu, eskatuiozu bat! #txorimuxurikniriezeman
Zure kanta: Zuk esan, Bide ertzean
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Badakigu lana oso garrantzitsua dela, ados nago zurekin, funtsezko balioa da gure euskal gizarte honetan. Baina ez ahaztu Joseba Sarrionandiaren hitzok:
“Lanaren kultura, zintzotasuna, sakrifizioa, hitza: estimatzen zen guzti hori balio handikoa zen gure gizartean. Baina ez dakit noiz arte izango den”.
Ez da erraza izango, baina hau duzu benetan egin nahi duzun hori martxan jartzeko momentua. #eginzazubeharduzuna
Zure kanta: Orain da, Hemendik at!
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Asteburu bakarra aukeratu behar parranda egiteko eta Ibaetako jaiak aukeratzea ere… Eskerrak martxoaren 1ean aukera berri bat eman zenien, esango nuke zu izan zarela Ibaetako Aingeru Zaindariaren mezetan ligatu duen lehenengoa. Aingeru Zaindariaren mezetan ligatzeak ondorio txar bakarra dauka, bera berriz ikusteko hurrengo mezara arte itxaron beharko duzula, eta hori hilabete barru izango da! #animoba
Zure kanta: Ave Maria, Maria Callas
Aries:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Ez dakit ezjakintasunaren bozeramaile izan nahi duen ala buru-belarri dabilen axolagabekeriaren txiringitoan, dakidana da dementzia ez bada, dementzia antzezten ari dela. Esaiozu argi eta garbi herri guztietan dela inozenteren bat, baina zoritxarrez (beretzat) zu ez zarela Donostiari esleitu diotena. Bidali ezazu antzarak ferratzera. #nahikoada
Zure kanta: Fan Pikutara, The Kangas, La Polla Records, Albert Pla
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Zu bai zu, Taurus! Xake-mate egitera zihoazen eta zuk zirt-zart partxisean zabiltzala sinetsarazi diezu, hori da abilidadia zurea. Egoera berrietara moldatzeko duzun gaitasuna da zure altxorrik handiena. Segi horrela eta eutsi kemen horri, beharko duzu eta aurrerantzean. #gatopardista
Zure kanta: Erbiak, Bloñ
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Ederki zaude ingurukoekin, zoriontsu. Urteen poderioz ondutako harremana da zuena, gozamenerako tokia ez ezik, transformaziorakoa ere bai. Martxoa giltzarri izango da onurez jabetu eta aspaldi hitz egin beharreko horiek mahaigaineratzeko. Ez izan beldurrik, toki onean zaude. #TitanikaEgitekoBesteTxapa
Zure kanta: Oraindik, Esanezin
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Egundoko ederraldia zurea! Tinderren miseriak jan ondoren merezitako oturuntza izan duzu, bejondeizula! Oso pozik nago zuregatik, udaberria gogoz eta gozo hasiko duzulako, baina gogoratu jaten duzuna zarela eta ez duzula Groseko surflari ilehori pihippiea izan nahi. Iragazi Tinder, mesedez. #matxezdabetikatx
Zure kanta: Ametsen Batean, TOC
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Pipiak janda duzu barruko arropa. Badakit negua luzea dela, baina, faborez, Leo, ez zara Oliver Twist, aprobetxatu Ibaetako jaiak bukatu eta sanjoanetara arteko barealdia kuxidade hori konpontzeko. Inork ikusiko ez dizkizula ez da aitzakia, egin ezazu zuregatik. #ezizankutrea
Zure kanta: XXX, Gose
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Ez dakit, Virgo, despistatuta naukazu. Ezin sinetsita nago. Zure lagunekin buelta bat eman, belazean eseri edo, nik zer dakit, infusio bat hartu eta gertatzen zaizunaz hitz egin baino, zein momentutan erabaki duzu Ametzagaina parkeko zuhaitzak besarkatzeak eta hondartzan topatu dituzun mineral super boteretsu guztiak lepotik zintzilikatzeak ezinegon hori kenduko dizutela? Egin kasu zure Pepito Grillo pertsonalari eta utzi zuhaitzak bakean. #egurastudena
Zure kanta: Beste Zerbait, J Martina
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Nahikoa zomorro bazara honezkero inauterietako mozorro eta maskarak jantzi beharrik izan gabe, Libra. Ez zara Jack Sparrow, eta ez dago horretarako beharrik itsasontziaren lema hartu eta nahi duzun noranzkoan nabigatzen hasteko. Zabaldu belak, altxa aingurak eta abiatu, ekaitzik ez dago Kantauri aldean. #eramantazabalzazu
Zure kanta: Esperantzara Kondenatua, Gari
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Ez engainatu zure burua, Escorpius, zahartzen hasi zarenaren txek guztiak ari zara markatzen, jada: ihes egindako baloia eskatzeko aspaldi deitu zizuten señora plazan eta zuk inoiz esango ez zenituen zure gurasoen esaldi guztiak esan dizkiezu zure seme-alabei, banan banan. Bat egin zure ni berri horrekin, lasaiago biziko zara. Ez duzu parkeko guraso modernoena izateko inongo beharrik. Ez da sanoa zakur kakaren ondoko belarra jatea gauzak bere kabuz deskubritu behar dituelako. #BerritzaileBaina
Zure kanta: Libre, Berri Txarrak
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Otsaila motzagoa da eta, beraz, soldata lehenago heldu zaizu. Hori guai. Baina, sentitzen dut, ez zara Mugikortasun zinegotzia, Garraio sailburua edo ministroa, ezin duzu dirua nahi adina xahutu. Kontxa azpian hondar eta ur filtrazioak egon badira, zergatik uste duzu kuadrillako kriptobroak inbertitzeko esan dizun txanponak ez duela metrokoa baino zulo sakonagoa utziko zure kontu korrontean? Indianorik jada ez dago. #kriptobro
Zure kanta: Ameriketara joan nintzan, Herrikoia
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Despistatu zara eta tranpa txiki batean erori zara, Capricornius. Zure jokoan irabazi dizute oraingoan eta esfortzu txiki bat egin beharko duzu hilabete honetan espero ez zenuen horri aurre egiteko. Lasai egoteko esan besterik ez daukat, oraindik ere ez du nahikoa praktika zuri ziria sartzea ohitura bihurtzeko. #zartagiaheldukirtenetik
Zure kanta: Nor da Piztia?, Liher