Otsaileko txoroskopoa

Aquarius: urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Badakigu kokoteraino zaudela lanean, eta dutxatzen ari zaren bitartean entseatzen duzula behin eta berriro zure nagusiarekin izango zenukeen elkarrizketa. Argi ibili! Haserretzea zilegi da, baina jatea, besterik gabe, ezinbestekoa. Dutxako eztabaida beti irabazi arren, arrazoi izateak batzuetan ez du ezertarako balio. #KontrolatuZaitez
Zure kanta: Seaska Kanta, Xabier Lete
Piscis: otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
“Situaziontzi” batean zaude eta ez dakit konturatu zaren… Baina hondoratzen ari zara. Azalpenak nahi dituzu, are gehiago, azalpenak behar dituzu! Ba, normala. Baina badakizu zer den azalpenak baino hobea? Kaldereroak. Begi urdin bat ezagutuko duzu, algaraz leiho batetik. Ez zara joango, hoiek lajata, justu orain etxera. #GuEzGoazZuZergatikZoaz
Zure kanta: Txori bat hiru ate, Silitia
Aries: martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Fokua zugan jarri behar zenuela eta, erretiratu zinen bizitza sozialetik udazkenean. Spoiler! Ez zara hartza. Hibernazioa ez da gizakion bizitza zikloaren parte. Hartu arnasa, batzuetan kosta egiten zaigu begi bistan duguna ikustea, baina batez ere entzutea. Santa Ageda bezpera duzu, eta makilakada horiek zuregatik dira. Atera lur azpitik!. #EzZaitezSatortu
Zure kanta: Atera, Zea Mays
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Ai, Taurus, Taurus… Zure bizitzari begira nabil eta hori kuxidadea! Dena kontrolpean omen zenuen, baina azkenean ez ur ez ardo, txika. Horrelakoetan, onena lagunen besoetan erortzea izaten da. Aspaldi ikusi ez duzun horri bisita egiteko momentu paregabea da otsaila. Eta lasai egon, udaberria ere iritsiko da halako batean. #LepoanHartuTaSegiAurrera
Zure kanta: Amaieratik hasi, Izaki Gardenak
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Badira egun batzuk pentsamendu horri bueltaka zabiltzala, denbora-pasa edo, zer egin ez dakizula. Itxaron… Zer?! Ez dakizula?! Honezkero badakizu eta zer egingo duzun! Eta zure aurretik, zure lagunek, eta, egiari zor, segur aski, Donostia erdiak daki jada zer egingo duzun, sekulako matraka eman diozulako mundu guztiari! Utzi beldurrak alde batera eta ausartu zaitez, baina mesedez, utzi lagunak bakean. #TitanikaEgitekoBesteTxapa
Zure kanta: Kontakatilu, Kilimak
Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Bukatu dira beherapenak, Cancer, bai, ondo irakurri duzu, bukatu dira. Ez duzu negurako “beroki” goxo eta zureustez polit hori behar. Ez duzu behar. Urtarrilean saiatu nintzen komentatzen zer edo zer arraste arrantzari buruz, dirudienez, itsutasun hautakorra duzu, edo gorreria iragankorra. Ezin dizut argiago esan, ondo ari zara irakurtzen, ulertu didazu, ezta? BUKATU DIRA BEHERAPENAK. #NahikoaDa
Zure kanta: Enau, TOC
Leo: uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
San Sebastiani ez zenion behar bezala eskatu edo ez zizun kasu gehiegi egin. Saiatu okan jolasten eta santuz santu joaten. San Blasek opilekin batera lokarria ekarri dizu. Erabili gatibu zauden dorretik ihes egiteko. #Rapunzel
Zure kanta: Bizipiztiak, Xabi Bandini
Virgo: abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Urtarrilak 40 egun izan dituela iruditu zaizu eta otsail hasiera pisu egin zaizu. Eztula gainetik ezin kendu zabiltza eta hotzak hezurrak gogortu dizkizu. Goiz eta gau propolia hartzea ondo, baina hobe izango duzu Ibaetako jaietan azaldu. Eganek ez du joko, baina izango duzu aukera pauso debekatuak ateratzeko. #MexikoMexiikoo
Zure kanta: Sinistu Ezkero, Tapia eta Leturia
Libra: irailaren 23tik urriaren 22ra.
Hamar burukada emanda ere, horma horrek hor jarraituko du. Nik dakidala ez zara errinozero bat. Kaskagogorra izateak ez zaitu babestuko. Ordaindu ezin duzun terapeutak esango lizukeena idatziko dizut: aska ezazu, pisua besterik ez da. #EnarakBezainArin
Zure kanta: Emeadedei, Ikusi al duzu
Escorpius: urriaren 23tik azaroaren 21era.
Otsaila motza izanagatik ere gainezka datorkizu, Escorpius, eta Kaldereroen mailua Ibaetako bizikletarekin aldatuko duzu konturatzerako. Erritmo azkarrak ez dezala zure arreta desbideratu, xehetasunetan duzu hilabetea zure egiteko gakoa. #PiztuBegirada
Zure kanta: Burutik, Atzoko Gai Bera
Sagitarius: azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Sansebastianetako ajeari buelta ezin emanda zabiltza oraindik, Sagitarius. Egunerokoari aurre egiteko nahikoa indar ez duzula iruditzen bazaizu, imajinatu Matia kaleko jendea nola egongo den. Ez kexatu hainbeste eta zaindu zure lagun luberritarra. #AntiguakoErrepublika
Zure kanta: Cherokee. Lekeitio 8 – 1989, Mikel Laboa
Capricornius: abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Etxeko landareekin duzun trebezia falta ingurukoak goxatzearekin konpentsatzen duzu eta estimatzen dizute. Ez ahaztu, baina, zuk ere behar dituzula haizea, ura eta eguzkia. Hartu behar duzun arnasa eta atsedena eta utzi inguruko suek bero zaitzaten. #OtsailekoEuriUrtekoOngarri
Zure kanta: Tilin-talan, Olaia Inziarte
Zapaburius: otsailaren 29tik 31ra.
Aurten ere zezenak harrapatu zaitu eta etxea petentaz, bitxiz, latorriz, kolaz eta hari muturrez lepo daukazu, Zapaburius. Ez dago beharrik Donostiako soineko lirainena eramateko. Hartu ganbarako arropa zaharrak, zintzilikatu mailua eta zartagina lepotik eta kantatu hungariarra bazina moduan. #NarrasEtaPozik
Zure kanta: Zein Ederra, Kaldereroak