Otsaileko Txoroskopoa
Jantzi loredunak eraman ohi dituzte dibertimenduak. Diseinua: Oier Arribas Ciria
Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Santa Agedako koplak bezala, pausoz pauso eta sendo oles egitera zatoz hilabete honetan. Ez zaude oso aberats diruz, baina makilarekin lurra kolpeka esnatzeaz gain etorkizuneko aukerak ere piztuko dituzu eta, bide batez, kirola egingo duzu. #niregimnasioakoplada
Zure kanta: Santa Ageda – Kaleko Urdangak
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Otsailean Donostiak badaki sua pizten, eta zuk ere bai. Kaldereroen doinuek, barrenak astinduko dizkizute, baina kontuz zartagikadekin… Hartu arnasa eta bideratu indarra norabide egokian. Ez dugu zartagikadaren batek zeure buruan buka dezan nahi. #eonaiixilikan
Zure kanta: Eutsi goiari ijito! – Pirritx eta Porrotx
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Tristeegi zeundela eta konturatu zara triste ezin zarela egon, gehienez, tristezia izango duzula gorputzean. Eta tunel ilun luze askoa iragarri ostean, konturatu zara bizitzaren muina horixe bera dela: Sentitzeko gai izatea, horrekin identifikatu gabe. #Iluminaziyuba
Zure kanta: Zuhaitz batek haizea – Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio
Aries:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Donostiarrak kaxkarinak izatearena, negua bizirauteko asmatu ditugun festa guztiengatik dela esaten dute. Ez dakit donostiarrak kaxkarinak ote diren, baina zu bai. Elkarrizketa interesgarriak sortuko dira otsailean, batez ere kuadrillan. Egin jaramon pixka bat, behingoagatik. #Espabilaltu
Zure kanta: Ikusi eta ikasi – Delirium Tremens
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Inauteriak zure eszenatokia dira, eta Donostia zure publikoa. Mozorroak, koloreak eta festa gustuko dituzu, eta hilabete honek aukera emango dizu buruhausteak ahazteko. Hala ere, argi ibili beharko duzu zure buruarekin. Kontuz jartzen duzun maskara horrekin. #zaindu
Zure kanta: Antzerki – Maskak
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Inude eta artzainen munduan, zu, ez inude, ez artzain, tralarai. Nahiago zenuke gora jaurti duten plastikozko jaioberri hori izan, airean. Gorabeherak ez dira errazak izaten, baina fida zaitez barruko bulkadaz. Bide asko izaten dira gailurrera iristeko. #aurtenmomo
Zure kanta: Ea nor naizen – Ghau
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Inauteriak abentura hutsa dira zuretzat eta Donostian aspertzeak ez dizu batere axola, ez zara eta hemen egongo. Tolosa, Lantz edo Zubieta, berdin-berdin zaizu. Kalean ibiltzea, jende berria ezagutzea eta giroan galtzea duzu gustuko. Ustekabekoak datoz. #bazengaraia
Zure kanta: Ola, Ola!! – Kau kori kura
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Lehoi itxurarekin katuki moduan zabiltza azken aldian, eta sansebastianetan “Donosti Egunaren” kontrako eztabaidak galdu ostean, hobeto zaude isilik. Mundu guztia ez dago zure kontra, baina batzuetan merezi duzula dirudi. #Marramiau
Zure kanta: Asmathic Lion – Fermin Muguruza
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Lanean jarrita dituzu zure buru eta bihotza. Urruti iritsiko zinela esan zizuten behin, baina horrek ez zaitu gorago jarriko. Utzi iezaiozu, faborez, nagusiaren txiste txar guztiei barre egiteari. Pinpon pilota konplexua ari zara garatzen eta. #EdipoLanean
Zure kanta: Hil ezazu aita – Ertzainak
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Lorezainen konpartsa izango da zure konpartsa hilabete honetan: halaxe ibiliko zara, erlea nola, lorez lore hilabetea amaitu arte. Hori bai: disfrutatu ezazu inaute sasoia. Martxoa heltzean, hegalak moztuta, ez duzu muxu erdia jango urtea amaitu arte. #Denakolpetik
Zure kanta: Sautrela – Oskorri
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Suzko zaldiaren urtea dela horoskopo txinatarrean? Hartu, hartu, tartea eta ospatu. Sugearen azala atzean utzi eta badator transformazio handia. Indarra, adorea, arrakasta eta gisako hitzek lagunduko zaituzte aurten. Ondo aprobetxatu eta mundu hobeago bat eraiki, okertzen dutenak gehiegi dira eta. #Suzkozaldia
Zure kanta: Bizitza eztia – Verde Prato
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Otsaila da zure hilabetea. Urte hasierako asmo berriak, badakizu, pixka bat ahobero estiloan egin zenituen. Orain bai: orain eman ezazu izena kiroldegian, rokodromoan, zeramikan, chi-kungen, irakurle taldean, greba orokorreko komitean, kale antzerki taldean… #Oraingoanbai
Zure kanta: Orain – Hemendik At!
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Dibertimendu sasoia abiatu da zuretzat. Añorgakoa, Iruñekoa, Garazikoa… Eta, aurten, Errotxapean eta Markinan ere! “Aizu eta hurrengo urtean gure auzoan egingo bagenu?”, errepikatuko diozu, berriro ere, zure lagunei. Jakizu: kokoteraino daude inauteriak antropologo gisa bizitzeaz. #Antropologoakkanpora
Zure kanta: Katebegia – Broken Brothers Brass Band
