Urtarrileko Txoroskopoa
Groseko Donosti Dolphins danborrada, 2024ko sansebastianetan.Xalba Ramirez
Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Baina zer pasa zaizu Gabonetan? Maitemindu egin zara eta ez edonola. Gabonetako maitasun film txar bat dirudizue, The Holiday eta Love Actually-ren pare. Orain erabaki beharko duzu Gabonetako istorio bat besterik ez zen edo 2026a maitasunaren urtea den. #joujoujou
Zure kanta: Oparirik politena, Loa eta Laia, Josu Bergara
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Piscis eta bere aro berria omen da 2026. Hori diote izarrek. Kontua da aro berri horretan betiko jai eta parranda berak daudela, hau da, Antiguako Jaiak, Donostiako jai boteretsuenetakoak, eta San Sebastian eguna. Animo aro berri horrekin, ea egia den. #bagera
Zure kanta: Beti Berdin, Bad Sound
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Zapaburius, ez egin planik, zertarako? Badakizu Antiguako San Sebastianetan ez bada, Dabadabako ilaran pasako duzula hil honen asteburuen zati handiena. Deitu medikua den lagunari eta eskatu errezetak, laguntzarik gabe ez zara helduko otsailera. #antzarazantzara
Zure kanta: Zurebegiendisdira, Mr Luken, Aimarz eta Txuso
Aries:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Bo, bai, bai, badakigu nola zabiltza pisu bila Donostian… Izarrak ere hitzik gabe daude, ez dakigu zer esan. Ez da erraza, astroak lerrokatuta ere prezio oneko alokairua, pisukide jatorrak eta pisu txukun eta atsegina… Kometa bat ikustea errazagoa da. #Halleyluyah
Zure kanta: Bizitzeko Gogoa, Raimundo el Canastero
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Taurus, 2026a zure urtea da! Ziklo berri batean sartuko zara eta aldaketa asko datoz, barne eta kanpo aldaketak. DENAK ONAK! Aspaldiko erabakiek emango dute, azkenean, fruitua. Izarrak zurekin daude, astroek egin dute beraien lana, nire galdera da: zuk egingo al duzu zure buruaren alde? #heldu
Zure kanta: Zure mina, Olaia Inziarte
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Gemini, 2026a ikasketarako urtea da, introspekziorakoa. Mugitzeko beharra sentituko duzu, ikastekoa, deskubritzekoa eta komunikatzekoa. Zure burua beste era batera ikusiko duzu eta autoezagutzari denbora eskaini beharko diozu. Gustuko dugu, gemini berri hau. #segihorrela
Zure kanta: Hibernazioa, Izaki Gardenak
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Badakit memoria ikaragarria duzuna, hemeroteka bat zara. Memoria miragarria, miresgarria, liluragarria. Oso ondo, ba orain erabili memoria hori gogoratu behar duzunaz gogoratzeko, ez ahazteko. Memoria izugarria izango duzu, baina herra falta ere izugarria da. Kontuz. #adiadi
Zure kanta: Gogoratu, Stupenda Jones
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Urte osoa daramazu honen zain eta, azkenik, heldu da San Sebastian eguna! Entsegu taula bat duzu prestatua aterako zaren hiru danborradetan txukun jo ahal izateko eta arropa ateratzen hasi zara, dagoeneko. Gomendio bakarra, Leo: oinetako erosoak jantzi. #tarero
Zure kanta: Aspaldiko danborrak, Xabier Montoia
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Zoro-zoro zabiltza lorez lore, sei loretan, zehazki. Oso pozik nago zuregatik eta zure bizitza oparoagatik, baina kantitatea eta kalitatea ez dira beti proportzionalak izaten. Aurten, barrenak mugituko dizkizun norbait azalduko da. Izan ausarta eta aukeratu bera. Ez eman hainbeste inbidia zure lagunei. #anbiziotsuegi
Zure kanta: Loretxoa, Kaparrak
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Libra, mesedez, entzun: ezin du mundu guztiak gezurretan aritu. Bizi duzun horretan egonkortuta zaude eta erosoa zaizu, baina zure egia ez da albokoaren egia. Sheshenarenako bazkide egiteko moduan zaude. Nahikoa da. #zezensuzkozorigaiztokoa
Zure kanta: Iriyarena, herrikoia/Raimundo Sarriegi
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Escorpius, maitea, saiatu zara eta emaitzak hementxe dituzu. Aholku bakarra dut hilabete hauetarako: saiatu zauden lekuan egoten eta disfrutatu egiten ari zaren hori. Beti gustatu izan zaizu sorbatzetan ekilibristarenak egitea, baina gaur, orain, zelaia duzu etzateko. #andretajabe
Zure kanta: Business Punk, Marte Lasarte
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Eman zenitzakeenak emanda zaude, Sagitarius, baina azken ahalegin bat eskatuko dizu gorputzak. San Tomasetan hasi eta gabon guztiak trostan pasata, urtarrilaren 22an erdizaldi izateari utzi eta hartz bihurtuko zara. Orduan deskantsatuko duzu. #lasaiHARTZazu
Zure kanta: Hibernazioa, Izaki Gardenak
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Aurreko urte amaieraren bidetik hasi duzu aurtengoa: lanez gainezka zaude eta egunerokoak janda. Zuk diozu, zuk behar duzu, zuk uste duzu, zuk pentsatu duzu…, tsst!, inguru guztiak ezin du zure melodian dantza egin. Zure zilborretik harago bada beste mundu bat. #miopesoziala
Zure kanta: Behar zaitut, Hesian


