Uztaileko Txoroskopoa

Aquarius: urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Udako oporrak heldu dira eta orain egun osoz entretenitu behar dituzu Tasmaniako bi deabru horiek. Eskerrak Donostiak hiru hondartza t’erdi dituen. IRUTXULOKO HITZAk santu guztien egitarauak bildu dizkizu, ziur badagoela zure astakiloentzako zerbait. #irakasleekoporgehiagomerezidituzte
Zure kanta: Gau eroa, Kaosa Euskal Herrian
Piscis: otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Uztaila hasi besterik ez da egin eta zure kartera garrasika daukazu. Ez naiz ni izango kaña horiek merezi ez dituzula esango dizuna, ezta «jo, esque ze gaugiro dagoen, ezin gara etxera joan» esaldiaren mende egotea kritikatuko dizuna. Baina, Piscis, Donostian bizi zara, KONTUZ. #kañatapintxohamareurotxo
Zure kanta: Etxerat!, Kortatu
Aries: martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Aries. Eseri zaitez. Hau ez da zu eta niri buruzko zerbait, zuri buruzkoa da. Nahi duzu kafe bat? Etxebizitzaren arazoa oztopo kasik gaindiezina da gaur egun, baina lortuko duzu etxez aldatzea, zabaldu bilaketa, zabaldu ateak jende berriari. #zaharregiaikaslepisuanjarraitzeko
Zure kanta: Olatu berria, Dupla
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Taurus, maiti… Zer gertatu zen EHZn? Zergatik ezin diozu irribarre egiteari utzi? Nor da lili xarmant hori? Seme-alabek lapurteraz egingo dizutela amesten hasia zara, baina kontuz! Uda luzea da eta parranda gauak zer esanik ez. Fidatzen al zara zure buruarekin? #xorro
Zure kanta: Kontuz, Lukiek
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Gemini, guk maite zaitugu eta badakigu bikote harremanik gabe ez dakizula bizitzen. Berri hau ere jatorra da eta gustuko dugu, zure ingurura ezin hobeto egokitu da eta munduko tiramisurik onena egiten du. Galdera da: zuk gustuko duzu? #irekibegiak
Zure kanta: Mutu dira libreak, EH Sukarra
Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Zure garaia heldu da, Cancer! Eta ez da kasualitatea kaiko Karmengo jaiek karramarroa izatea irudi. Hondartza-kaña-bokata-kontzertu, ez duzu gehiago behar. Hori bai, ez egin karramarroarena, atzera joateak ex-arenera baino ez zaitu eramango. #atzeraezdenaldebatera
Zure kanta: Lepoan hartu ta segi aurrera, Pantxoa ta Peio
Leo: uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa bera ere bai. Miruaren disko berria dirudizu, utzi pixka bat besteentzat. Asko ligatzea ez omen da beti ondo ligatzea, eta gorrotatuko ez zaituzten herriren bat bilatzea botako dizut erronka bezala. #MurillodelFruto
Zure kanta: Zazpiak bat, Mirua
Virgo: abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Virgo, makal xamar zabiltza, bai aurreko hilabetean, bai honen hasieran. Baina, lasai! Uztaila sorpresa eder-eder batekin datorkizu. Adi ibili hilabete honen 15aren bueltan, badakigu ez duzula inoiz egin eta beldur izan arren, aurten bai! Aurten KUKAÑAN parte hartuko duzu! #Karramarro
Zure kanta: Ibili hadi argi, Olaia Inziarte
Libra: irailaren 23tik urriaren 22ra.
«Mundu guztia» kaian eta zu Añorgan, autoktonoa zara eta. Bertako dena duzu gogoko, masifikatuta ez dauden bazterrak. Turistak iritsiko ez diren txokoak. Inork probatu gabeko pintxoak eta sekula inork entzun ez dituen musika taldeak. Gu zure alde, baina ohartzerako bakarrik zaude, motel. #Espeziala
Zure kanta: Berezi, Intza Martin
Escorpius: urriaren 23tik azaroaren 21era.
Escorpius, sansebastianetatik daramazu astean behin —gutxienez— txarangako saxofoiarenak fitxak ziren edo ez pentsatzen. Neska, argi dago zuri behintzat gustatu zaizula. Konbentzitu kuadrillakoak Tuterako festetara joateko. Egin kasu, mereziko dizu. #jazzaldirikeztuterabai
Zure kanta: Fanfarria, Amparanoia
Sagitarius: azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Ekainak aje parea utzi dizkizu eta burua oraindik ezin kokatu zaude, Sagitarius. Baina, gauza bat, ez zaitez zigortu parranda parea egin izanagatik. Uda da. Herriko festak daude. Uzkurtuko zara neguan etxepean. #daoneandale
Zure kanta: Biharamuna, Istilu
Capricornius: abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Aspaldian ez bezala, uztailak bi asteburu libre eskaintzen dizkizu. Eguraldia lagun izango duzula esan zuen Goierriko Aztiak. Ez du apenas hankarik sartzen, beraz, hartu ordu erdi bi asteburu horiek nola aprobetxatuko dituzun pentsatzeko. #ekipeanekin
Zure kanta: Asteburua, Akelarre
Zapaburius: otsailaren 29tik 31ra.
Piraten bilerekin nazkatuta, e! Ba, uztaila da… Hilabete t’erdi falta da Aste Nagusirako. Ezin duzu hasi aurretik erre, Zapaburius. Auzolanari tira, bai, baina zure buruari ere bai? Gogoratzen bizitza bat zenuela kofradiatik kanpo? Irrikitaldia izango da zure hausnarraldia. #militantsia
Zure kanta: Militantzia sutsua, Vulk