Lan prekarioa, jabetza publikoko gurpilen gainean
Zer pentsatua ematen duen argazkia argitaratu du Twitterren @gracemia erabiltzaileak. Irudian Glovo banaketa enpresak berarentzat lan egiten duten autonomo faltsuei uzten dien motxiletako bat ageri da, ustez banaketa baterako erabili den bizikleta baten alboan. Halako eszena (tristeki) arrunta izango litzateke, langileen prekarietatean oinarritutako zerbitzurako erabili den bizikleta jabetza publikokoa izango ez balitz.
Izan ere, hor ageri dena Dbizi hiriko bizikleta publikoaren sistemako ibilgailua da, eta ondoan duen ikur horia, berriz, Euskal Herriko langileen eskubideak zapaltzen dituen enpresaren negozioa.
Kontraste horrek hainbat auzi azaleratzen ditu: Glovok baliabide publikoak bere etekin propiorako erabiltzen ditu? Zer nolako eragina izan dezake halako jokabide batek mugatua den garraio zerbitzu batean? Garraio publikoaren erabilera komertziala debekatuta badago, enpresa zigortua izango da? Eta enpresa zigortua bada, zer gertatu dakioke jada prekarizatuta dagoen langileari?
@gracemia erabiltzaileak ere bere galdera bota du: “Egin al daiteke ezer honen aurka?”. Eta Donostiako Udalak, bere Twitter kontutik, honakoa erantzun dio: “Gertakaria enpresa kudeatzaileari helaraziko zaio bere erabilera komertziala ekiditeko”.
Nahikoa ote?