Non filmatu dute 'Gona'?
Hernaniko Maite Larburu musikariak bakarkako lehen diskoa argitaratu du: Hezurren azpian. Lan berriko Gona kantaren bideoklipa ere aurkeztu, eta bolo-bolo dabil sare sozialetan. ETB1eko Ahoz aho saioan azaldu duenaren arabera, biolinarekin sortutako kanta bat izan da: “Batzuetan, gauzarik ederrenak ustekabean sortzen dira”. Txintxua Filmseko lagunekin egin du bideoklipa. Haiek jarri diote Gonari irudia. Aurretik ere elkarrekin lan egin dute: film labur bat eta bi bideoklip. “Ezin hobeto” inguratuta agertzen da bideoan. Harkaitz Cano eta Ion Olano idazleak, Koldo Almandoz zinemagilea… Canok diskoko hainbat kanturen hitzak idatzi ditu Larbururentzat.
Maite Larbururen lana hamaika kantuz osatuta dago; Gona da horietako bat: “Bestearen lekuan nola jarri, horixe kontatzen du kantak”. Txintxua Filmseko Asier Altunak kanta entzun eta berehala proposatu zion bideoklipa grabatzeko leku bat Donostian: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Maria Kristina erreginaren aretoan. “Areto oso barrokoa eta dotorea da”, esan du Larburuk. Zuzeneko emanaldietan lagun izango dituen Aida Torres eta Beñat Iturrioz musikariak ere agertzen dira bideoklipean.