'Alda dezagun sistema, ez klima' hitzaldia
Alda dezagun sistema ez klima izenburupean, Parisko COP21 goi bilerari buruzko hitzaldia egingo dute ostegunean, hilaren 7an, Antiguako Txantxarreka gaztetxean. “Denok izan dugu Parisen duela egun batzuk ospatutako COP21 goi bileraren eta bertan mundu osoko estatuek sinatutako akordioaren berri. Baina benetan ba al dakigu zer eztabaidatu eta zer adostu den bertan?”. Horixe da hitzaldian azaldu nahi dutena, eta horretarako, Parisen gertatutakoa bertatik bertara ezagutu duten hizlariak gonbidatu dituzte.
Antiguaotarrak kontsumo taldeko bi kide La Via Campesinako ordezkaritzarekin batera izan dira Parisen, eta Txantxarreka gaztetxean kontatuko dute bidaia honen zergatia, bertan bizitakoa eta COP21aren inguruko La Via Campesinaren irakurketa ere.
Txantxarreka gaztetxeak elikadura burujabetza aldarrikatu nahi du, eta La Via Campesinaren borrokarekin bat egingo du hitzaldi honen bidez.