Zinemaldi Alternatiboa: 'Kortxoenea, irautea sortzea delako'
Gaztetxeena, etxe okupatuena, amets fabrikena…hots, gune autogestionatuen errealitatea ez da berria euskal herrietan. Dagoeneko hamarkadak igaro dira aipatu guneetatik kontsumo jendartearen, indarrean den balio sistemaren, eta, partaidetza sozial nahiz politikorako prozesuen blokeatzearen aurrean jarrera kritikoa garatzen dela. Jabetza pribatua, espekulazio urbanistikoa, nahiz interes pribatu eta administrazio lokalaren arteko elkar-aditzea zalantzan eta ageriko jartzen dela.
Kortxoenea esperientzia hauetariko bat gehiago da. Esperientziak, ordea, garaian garaiko testuinguruaren araberakoak direla esan beharrik ez dago. Aldaketa azkarrek zeharkaturiko garaia dugu hau. Ekoizpen sistema, politika instituzionala, mugimendu sozial eta irudizko produktuen erabateko aldaketek zeharkatzen gaituzte. Lana eraldatu egin zen, aspaldi da fabrika fordistak erdigunea izateari utzi ziola; ekoizpena hirian eta metropolian, nahiz denboran barreiatu da, bizitza berarekin nahasi arte. Bizi-xede eta bizi-ibilbideak aldatzearekin, bizi-esperientziak aldatu egin dira.
Gune autogestionatuen barru eta inguruetan ere mutazio antropologikoak eman dira. Aldaketok, mugimenduek bere egindako forma berrien baitan aipaturiko lagunek bizi dituzten krisiak azalarazten dituzte: identitate krisiak, ekintzakoak, hedapenerakoak, parte hartzekoak.
Auzi zaharrak batzuk, eta berriak ez gutxiago. Alegia, partekatu asmo dugun auzia(k), heterogeneoa edo askotarikoa,etengabeko garapenean aurkitzen dena, jazartua eta betiereko gatazkan, ezinbestean iheskorra da, efimeroa maiz. Ez dugu erantzun oso edo absoluturik aurkezten, nork izango du berea. Gure helburua, bost urtetan metatutako jakintza gutxitu eta saiakerazkotik, mugimendu sozialen gaitasunak zabaltzeko baliagarria izango den herraminta kolektiboa sortzea da.