'150.000 euro'
Abenduaren 22ko sari txikia izan daiteke 150.000 eurokoa. Iraganeko etxe baten prezioa ere izan daiteke kantitate hori. A!, eta La Oreja de Van Gogh-i eman berri dioten oparia ere da 150.000 eurokoa.
Arabara, Bizkaiara eta Gipuzkoara turismoa erakartzeko aitzakiarekin eman dizkiotela diote. Ezin ukatu musika talde donostiarrak mundu osoan kontzertu asko ematen dituela, baina gure kulturaren gauzarik garrantzitsuena kontuan hartu gabe, hizkuntza. Gurera erakarri nahi baditugu atzerritarrak, beraien inguruan ez dauden gauzekin erakarriko nituzke, horrek egiten baitu exotiko lurralde bat. Kontxako barandaz eta Guggenheimaz gain, bertako biztanleek eta hizkuntzak egiten dugu exotiko zazpi herrialdez osatutako herria.
Musika taldea ez da gaizki ibili honetan, etikoa izan daiteke edo ez, baina berari emandako dirua hartu egin du. Musika taldea ez dut oso gustuko, baina jende askori gustatzen zaiola argi dago. Eskakizun bakar bat egingo nioke, jende gehiagok eskatu diola badakit, beraiek sortutako kanta euskaldun bat jotzea.
Atzerrian emango dugun inpresioa oso maitekorrarena dela iruditzen zait. Pentsatuko dute loreak oparitzen dizkiogula gure maiteari egunero. Astoriara joaten ginela igandero zinemara eta Aste Nagusian su-artifizialak ikusi eta izozkia jaten dugula, besterik ez.
Musika talde askok ematen ditu kontzertuak atzerrian, baina La Oreja de Van Gogh-i eman diote dirua Eusko Jaurlaritzan dauden agintariek. Kasualitatea? Ez dut uste. Musika talde askok egiten ditu proiektuak, baina Kepa Junkerari eman zioten diru-laguntza handiena. Kasualitatea? Ez dut uste. Gero alderdiak kexu dira Santo Tomasetan Trinitate plaza erabili zuelako Egin Dezagun Bidea taldeak. Behintzat 150.000euro edo 700.000 euro ez dizkiote eman krisi garaian.
Diru honen ekuazioa erraza da ulertzen. Txiki Benegasen lagun batek 150.000 euro eman dizkio Txiki Benegasen semeari. Datu hau objektiboa da. Norberak pentsa dezala arrazoiarekin edo ez eman dizkion.