Osteratxo xelebrea, horratik!
Zigor Etxeburua, euskalgintzako kidea
Eguraldia bikaina zen arrantzale herrixkan, Torreko muturrera iristean emaztea, haurrak eta laurok. Orduan ez bagenekien ere, egun-pasak berekin ekarriko zituen istorio bitxiak, herria famatu zuen abesti hartan, zezenak legez. Txalupara hurbiltzen ari ginela, hara non ezkonberriak ikusi genituen, argazkilaria segika, arrapalan behera, txanelerantz. Eskifaia xelebrea osatu genuen gero, Titanic filmeko eszena antzezten zutelarik ezkonberriek, argazkilaria unea betikotzeko lanean pilotuaren txabolatxoan sartuta, atzamar-motz pilotua argazkiak errazteko ahaleginetan, eta emaztea eta biok, gure txoak gobernatzen! Zeharkaldia itsaso barearekin burututa –badirudi Ternura joan ginela!– eta arrapala igotzekotan ginela, han agertu zitzaizkigun hamar mendi-txirrindulari, ziztu bizian, txaluparantz. Ez zutenean emakume ezkonberria aurretik eraman, bere soineko eta guzti! Antza, Cap Creusetik zetozen, Pirinioak zeharkatuta –hori bai zeharkaldia eta ez gurea!–. Argazki xelebrea une horretantxe pasatzen ari zen ferritzarrekoek egin zutena, txalupa txirrindulariz eta txirringaz lepo, Tourreko segizioa bailitzan. Plazatik barrena, Alabortzara abiatu ginen, han urdailak berdintzeko asmoz. Bonantzako arkupera iristean, eguneko “notizia” izango zenarekin topo egin genuen. Putzuan urrutian, Baxuko bantxatik harago, Armadako ontzi handi bat ageri zen –Castilla omen–. Zertan ote ziren ezin asmaturik, aurrera egin genuen. Kantinan, bapo jan genituen bertako emakumeek erretegian prestatutako sardinak, sagardoa lagun. Bazkaldu ostean, Arandoaundia muturreraino joan ginen, jandakoak arintzeko. Han, ontzi arrotzari begirik kendu gabe egon ginen, talaiarien antzera. Orduan ikusi genuen ontzi txikiago bat inguratu zela, eta bi lehorreratze-gabarra atera zituztela ontzitik, maniobrak egiteko. Ontzi eta guzti itsaspea ezagutzea opa egin, eta bertatik alde egin genuen, kezkatuta, garaiari ez dagokion ekintza zela irudituta. Konspirazioren bat behar zuen, bake bidean dagoen herria xaxatzeko asmoz egina. Eta emazteari esan nion, “baietz telebistan agertu gure kostaldean aritu direla gerra-ariketak egiten!”. Bada, ez genuen luze itxaron behar izan telebistako kamera topatzeko. Han ziren Invencibletarren balentria grabatzeko prest. Eta orduan jakin genuen hura guztia Ruta Quetzal-BBVAren ekimena zela. Une berean, inbasioari ekin zioten hiru ontziek, bokale aldera eginez, Omaha Beachra nola. Guardia Zibilaren ontzia aurretik, piperpotoak airera, auskalo zenbat kanoi alboetan, txopako haizea lagun, eta bi lehorreratze-gabarrak atzetik. Santa Isabel gazteluko kanoiak aspaldi desagertuta, eta piraten erasoa saihesteko beste armarik ezean, epelak entzun behar izan zituzten telebistakoek pirata honen ahotik. Ez dut uste izutu nituenik, baina oroitzapen garratza berekin eraman zutela, ziur. Ah, eta hori guztia ez da marinelen kondaira, benetan gertatua da –ikusi http://www.rutaquetzalbbva.com/TLRQ/–.