Punka Reykjaviken. Eta Donostian?
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Zergatik ez dira “haserretuak” –deitu indignatu edo sistemaz kokoteraino daudenak– Donostiako alkatearen etxe aurrera protesta egitera joan? Zergatik ez zen Donostiako Udaleko osaketan protestarik izan? Zergatik… alderdi “nazi-castrista-totalitario” batetaz ari bagara? Zenbat iraungo du hiriak zutik? Matraka ederra darabilte Madril alde hauetako tertuliano eta hitzontziek. Erantzunak ere ematen dituzte; egunetik egunera errealitatetik urrunago dauden erantzunak. Eta egunetik egunera Euskal Herritik asto-belarri kapelu handiagodunez ikusten baditugu ere, berdin zaiela dirudi. Ez ulertu nahi izatetik, seko ez ulertzera, igaro dira. Ez dute ulertzen diren eta ez diren tresna mediatiko guztiekin deabrutua izan den indarrak, halako emaitzak lortzea. Eta errealitatetik are gehiago urrunduz, ez dute sekula ulertuko. “Soziologo” deituko diete euren buruei. Nola diren kontuak. Klase politikoaren sinesgarritasun faltak kokoteraino zituen islandiarrak, eta 2009an, “kulturaren munduko” zenbait lagunek alderdi politikoa sortu zuten. Best Party, Alderdirik Onena. Hautagaiek Tina Turner-en Simply The Best abestia kantatu zuten hauteskunde kanpainan. Politikari eta banku-gizon korruptuak kostatik urrun giltzapetzeko itsasontzi-kartzela bat aldarrikatu zuten. Reykjavik-eko aireportuan Disney jolas parke bat eraikitzea. Igerilekuetan eskuoihalak doan banatzea. 2020. urterako drogez “garbi” izango den Parlamentua osatzea. Baita hiriko zoologikorako hartza berria erostea ere. Alderdiko sortzaile eta lider den Jon Gnarr umoregileak kanpainan zin egindakoa ez betetzeko zina egin zuen. Bada, alderdia sortu eta sei hilabetera, 2010eko udal hauteskundeetan, Reykjavik-eko alkatetza lortu zuten bozken %34,7arekin. Gurean prozedura alderantzizkoa da. Nire iritzirako serioegiak diren hauteskunde kanpainen ondoren, botereari komeni ez zaion alderdiak boterea borrokatzen badio, gomendagarria ez litzatekeen alderdi horren proposamenak gutxiesten dira. Eta hautatuei iseka egin. Misterio zait zein kobazulotan bizi ziren “demokraziara heldu berriak” –Rafaela Romero dixit– diren Bilduko lagunak. Landarbaso agian? Ekain akaso? Eta progresuaren aitajaun direnen ustetan, ezin kobazuloetatik ezer onik irten: Bildurekin Harri Arora itzultzen gara xuxen-xuxen. Nolako harrikada: Munduko kobazulorik handieneko hormak ere labur dira gutxiespen eta iseka denak zizelkatzeko. Hemengo “politikan adituek” badute Islandiara gehiago erreparatzea. Hala, ulertuko lukete politika egiteko –askorentzat politikaz bizitzeko– ohiko moduak agortuak daudela. Best Partyak Sugarcuber pop taldeko abeslari ohia, etxeko lanetan ziharduen andrazkoa eta 80ko hamarkadan Reykjavik-eko autobus geltokian biltzen ziren punkiak sartu zituen zerrendetan. Gurean, zerrendetan beharko luketen askok ezinean jarraitzen dute oraindik orain. Eta han eta hemen, “lider karismatikoetan” –Odon, Eneko, Ramon…– sostengatzen diren alderdiak emaitzen zergatiak ulertzen ahalegintzen ari dira. Ez dute ulertuko. Esanak eta liderrak baino, proposamenak eta ekinak bozkatzen dituen jendartean jai dute. Best Partyak gizartea oinarritik aldatzeko iraultza kulturalerako apustua egin zuen; kultura, aisia nahiz inbertsio sozial indartsuaren alde eginez. Bilduk, herritarron parte-hartze zuzena eta erakundeak egiazko aldaketaren norabidera zuzenduko dituen kultura sustatuz, egun baliagarria ez den demokrazia ordezkatzaile hutsa demokrazia errealean bilakatzeko apustua. Hasierako galderen erantzuna? Orain galdera horiexek egiten dituen Rosa Diezek, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburu zenean esango lukeen moduan: etor eta konta dezatela.


