Exit Through The Gift Shop
Jon Markel Ormazabal, musikaria.
Azken lau urteotan, kaleko artea deitu zaionaren zantzu bakarrak espetxeetako itxaron-ziegetan irakurritako idazkietan aurkitu ditut. Arte gordina. Banksy-k zuzenduriko filma ikusteko aukerarik ere ez dut izan. Baina hiriko hormen karietara sorturiko kalapitak irrikaz bete nau. Zinemaldian artikulu honen izenburu bereko filmaren emanaldiaren garaian suertatu zen hormetako hautsak astindu dituen gertakaria. Urgulleko igoeran, Banksy-rena izan zitezkeen horma-lana agertu zen. Ezabatu edo ez, horra hor auzia. Ez dut oraino Udaletik aipatu murala defendatu zutenen argudioa ongi ulertu. Kaleko artearen alde egin al zuten? Edo Udalaren asmo ekonomikoek amnistiatu zuten lana? Zerk ematen dio balioa lanari? Autoreak? Zein, zeintzuk edo zer da Banksy? Zeren arabera esaten da «Banksy-ren estiloarekin» bat datorrela lana? Izenpetua al zegoen? –ohartu bere lan denak anonimoak direla–. Nola desberdintzen ditugu stencil edo txantiloiak? Ez al ditugu Donostian lehenago –eta gerora– halakoak ikusi? Ezagun al duzue Ideia Beltzen Brigada izeneko kolektiboaren lana hirian? Dena den, eta lanak bere horretan iraun zuen artean, ez ezabatzearen erabakiak «hiriko grafitigileen» artean haserrea piztu eta lana desitxuratu zutela irakurri dut. Baita irudiak ikusi ere: zakilak eta uzkerrak. Bertako grafitigileen protestak al dira? Edo hogeita hamar metro eskasera dagoen Orixe ikastolako haurren eskuhartze artistikoa? Bata edo bestea izan, ez du askorik axola. Kalean bere lana ikusgai jartzen duen artistaren leit motiva horixe baita: kalea eta kalekoekin interakzioa.
Fake eta tag-ak gora behera, desitxuratu dena eztabaida izan da, kaleko arteak artearen merkantilizazioa ezbaian jartzea baitu xede. Oso gutxi esan eta idatzi da ustez Banksy-rena izan daitekeen lanaren gainean: margolanik gabeko marko bati begira ageri den gizona. Grafitia soilik bere euskarri edo oinarrien arabera definitzea nahiko eskasa da, eta batzuek, interesatuki ezarri nahi dioten bazterreko balentriaren mistizismoaz, kalea ospea lortu ez duten artistentzako trantsizio espazio huts gisa aurkezten digute. Garrantzitsuena artelanaren arrazoitzea da, ez berau agertzen den lekua; eta hala ere, grafitiak kalean hartzen du bere esanahi osoa. Arte galeriek artista bilaketatik aldentzen dutela diote Ideia Beltzen Brigadako kideek; barne eraikuntza ezinezkoa egiten dutela, eta, zer esanik ez, eraikuntza kolektiboa. Hiria hutsunez eta hausturaz sorturiko muntaia da eta, artearen praktika burgestuak ezbaian jarriko dituen kaleko arteak espazioa kolektibizatuko duen keinu subertsiboa izango du. Kulturaren hiriburuan kultura libre izango da, denona, eta artistek eskura izango dute edozein artelan hartu eta hori eratortzeko eskubidea. Bitartean, arren, bisita amaitu delarik, igaro oparien dendatik. Horixe baita irteera bakarra.Urteberri on!