16. linea: zerbitzu publikoa?
Gaur egun, Igeldok 1.000 biztanle inguru ditu eta bertan bi populazio nukleo daude. Nukleo horietan 600 bat biztanle daude eta gainontzeko igeldoarrak barreiatutako baserri eta etxeetan bizi dira.
Igeldoko populazio nukleo nagusia Donostiatik bost kilometrora dago, eta nabarmendu behar da Igeldon ez dagoela ez anbulatoriorik, ez farmaziarik, ezta merkataritza gunerik ere. Beraz, esan liteke igeldoarrak ordubetera duela, gutxienez, oinarrizko edozein zerbitzu.
Gaur gaurkoz, Igeldoko populazio nukleoa eta hirigunea lotzen duen zerbitzu publiko bakarra Dbusen 16. linea da. Ordutegiaren arabera, ordu erdiroko maiztasuna beharko luke autobusak. Linea horrek, ordea, ibilbide oso luzea du (linea guztien artean luzeenetakoa), eta Igeldo eta hirigunea lotzeaz gain, funikularrean egiten du geldialdia eta Sanserreka eta Mirakontxako biztanleei ere ematen die zerbitzua. Ondorioz, gehienetan, ez dio denborarik ematen ibilbidea garaiz egiteko eta etengabeko atzerapena sortzen da ordutegian. Arazo hori areagotu egiten da udaran. Beraz, ez dago jakiterik autobusa zein ordutan iritsiko den Igeldora eta zenbat denbora emango duen ibilbidea egiteko. Aitortu behar da, zerbitzu honekin, igeldoar batek baino denbora gutxiago ematen duela Donostiara iristen Lasarteko, Usurbilgo, Irungo edo Zarautzeko biztanle batek.
«Eguneroko edozein jarduera egiteko, norberaren ibilgailua erabiltzera behartzen ditu udalak Igeldoko 1.000 biztanleak»
Udala arazo horren jakitun da. Halere, ez du inolako hobekuntzarik egiteko asmorik. Mugikortasun zinegotziak, Olatz Yarzak, ez du aitortzen elementu bereizgarria denik Igeldoren isolamendu maila. Ondorioz, eguneroko edozein jarduera egiteko, norberaren ibilgailua erabiltzera behartzen ditu udalak Igeldoko 1.000 biztanleak.
Gainera, are eta kaltegarriagoa bilakatzen ari da jarrera hori igeldoarrentzat. Izan ere, udala ardazten ari da mugikortasun modu berria hurrengo urteetarako. Non, metroa bultzatuko den eta autobus zerbitzuak murriztuko diren. Era berean, ezingo da Donostiako erdigunera nor bere ibilgailuekin sartu.
Aipatu mugikortasun modu berri horrek ez du balio Igeldorentzat, ez bada ezartzen, behintzat, autobus zerbitzu duin bat Igeldo eta Donostia lotuko dituena. Hori da Igeldok eskatzen duena, besterik ez. Era berean, xede bera izan beharko luke zerbitzuaren arduradunak ere, betiere, zerbitzu publikoaren ikuspuntutik begiratuko balio autobus zerbitzuari eta biztanleon bizitza kalitatea aintzat hartuko balu.