20 urte ondoren: EHU zorretan Palestinarekin
Herri palestinarraren aurkako genozidioa eta apartheid politika salatu eta EHUn Israelen aurkako boikot akademikoa bultzatzeko sortu zen EHU Palestina. Horretarako, hitzaldiak, mobilizazioak, eta sinadura bilketak egin ditugu, besteak beste, EHUk Israelekin dauzkan harremanak eteten direla ziurtatzen duen batzorde bat era dezan eta, bereziki, CAFen maila askotan duen harremana eten dezan. Egunotan irakurri dugu Espainiako Auzitegi Nazionalak Sidenor salatu duela genozidioaren konplize izateagatik. Sidenorren web orrian irakur daiteke EHUrekin elkarlanean ari dela hainbat formazio eta ikerketa proiektutan, Tecnaliaren bidez.
Israelekin EHUk dauzkan harremanak ez dira mugatzen harekin kolaboratzen duten enpresetara. EHUk harremanak dauzka Israelgo erakunde akademikoekin. Harreman horiek etetea da, hain zuzen, boikot akademikoaren helburua. Europako Batasuneko proiektuen berri ematen duen Cordis atariaren arabera, EHU elkarlanean ari da Tel Aviv Unibertsitatea, Jerusalemgo Hebrear Unibertsitatea edo Tecnionen moduko erakunde israeldarrekin, TheraTools, Quantum, Parc, Nanoremedi edo Intrabrain proiektuetan, adibidez. Horietako batzuetan, badira EHUk parte hartzen duen erakunde publiko-pribatu batzuk, Bold proiektua gidatzen duen Donostia International Physics Center (DIPC) kasu. Azken honen patronatuan, EHUz gain, badira beste erakunde publiko eta pribatu batzuk, tartean, CAF bera.
«Keinu eta hitz hutsetatik harago joan beharko luke EHUk, eta modu zehatzean eta gardenean Israelekin dauzkan harremanak eten»
EHU Palestinak uste du keinu eta hitz hutsetatik harago joan beharko lukeela EHUk, eta modu zehatzean eta gardenean Israelekin dauzkan harremanak eten. Urriaren 9an, harreman horiek aztertzeko lantalde bat sortzea erabaki zuen EHUren Gobernu Kontseiluak, EHU Palestinak egindako presioari esker. Informazio publiko ofizial nahikoa dago berehala lanean hasi eta boikot akademikoa martxan jartzeko. Nahi izatea da behar den bakarra.
Duela hogei urte, Palestinako hainbat herri erakundek boikota, desinbertsioa eta zigorrak (BDZ) ezartzeko deia zabaldu zuten. Guk eskatzen duguna da EHUk palestinar erakundeen deia aintzat hartu, eta eten ditzala apartheid eta genozidioaren arduradunekin eta bere konplizeekin dauzkan harremanak.


