2025: zoria, patua, estatistika
2025, zenbaki borobila, zerbaiten laurdena, ahoa betetzen duen horietakoa. 2023ak edo 2024ak baino gorputz gehiago duela iruditzen zait, presentzia handiagoa. Ez dakit urteari eskatzen diogunean edo geure buruari jartzen dizkiogun betebeharretan plus hau kontuan izan behar dugun, dena koxka bat gorago.
Ez dakit zer ekarriko digun 2025ak, azken urteei begira, dagoeneko gauza gutxik harritu gaitzake. Ea zoriak eta patuak zer dakarten. Zoriari lagundu egin behar izaten zaiola eta Gabon hauetan, badaezpada, lehen aldiz erosi dut loteria. Nire diruarekin, esan nahi dut, heldu (dis)funtzional moduan. Imajinatu lagunei tokatzen zaiela eta ni kanpo geratzen naizela, estatistikoki ez omen zen horren zaila, badaezpada nik ere botean hamar euro jarri nituen. Spoiler, dirua galdu dugu. Zoria, patua edo estatistika izan, ia guztiok Gabonak hasi zirenean baino meheago dugu kontu korrontea.
Hortaz, hasi dira 2025 urteari dagozkion kinielak eta aurreikuspenak, telebista piztu eta albistegietan egin dituzte 2025aren inguruko kale galdeketak. Mikrofonoa jarri, eta, zer eskatzen diozu aurtengo urteari? Zein helburu jarri dizkiozu zure urteari? Erantzunak ez dira oso originalak: dieta, gimnasioa, ikasketak, aurrezkiak, denbora libre gehiago, bidaiatu… aspergarria da. Patuak mundura zer ekarriko duen asmatu nahian, lagunek nekroporra egin dugu, nahiko dibertigarri geratu zaigu, egia esan, ez da lerro hauetara ekartzeko modukoa.
«Bestelako porrak ere egin ditzakegu, bizi dugun garaiarekin sintonian: zein aldatuko da lanez, zein bikote bananduko da, zeini igoko dio etxeko jabeak alokairua…»
Bestelako porrak ere egin ditzakegu, bizi dugun garaiarekin sintonian: zein aldatuko da lanez, zein bikote bananduko da, zeini igoko dio etxeko jabeak alokairua, nor izango da lana bere kabuz uzteko gai, zenbat joan beharko dira Donostiatik kanpo bizitzera (Orereta? Hernani? Astigarraga? Pasaia? Porran azpi-porrak ere sor ditzakegu), zeini izorratuko zaio autoa, nork erosiko du etxea, nor maiteminduko da, nork erosiko du autoa, zein lagun haserretuko dira, zenbatek jango dute lehen aldiz Orfidala, zenbat afari banatuko dituzte kalean, zenbat aldiz esan beharko diogu ondokoari «kontuz gizon horrekin», zenbat larunbatetan geratuko gara etxean… ziur zuri ere otuko zaizkizula porra posibleak.
Ez dakit zoria, patua eta estatistika non sartzen diren honetan guztian. Gaurkoan, ez iezadazue kasu handiegirik egin, espumilloia, xanpaina eta brilli-brillia bukatu zaizkit, ez naiz inoiz baikorra izan eta lanera itzultzeko bezperan ari naiz hau idazten. Beraz, ahal den neurrian, 2025 on.