Xespir
Xabier Otaegi, pailazoa
Bertako adiskide batekin Deban goiz-pasan nenbilela: Aio Íntrigas! esanaz agurtu zuten. –Noiztik haiz hi Intrigas?– galdegin nion. –Ez duk ondo entzun, Íntrigas, azentua lehen silaban duela esan dik. Gure osaba zahar batek bota zian noizbait íntriga nobelak gogoko zituela eta ondorioz familia íntrigas izatera pasa gaituk–. Nire barregura aguanta ezinean nengoela jarraitu zuen: –Eta ez gara bakarrak. Beste batek Sandókanen –honek bigarren silaban azentua– liburuak gustokoak zituela esan zuenetik Sandókan familia bihurtu duk berea–. Era honetan inguruko biztanleen ezizenen errepasoa egiten hasi zitzaidan: Matala izenez ezagutzen zuten urteetan Frantzian matelot –marinel– ibilitakoa. Euzkadi izena zuen txalupa baten jabe zen mutrikuar bati masillas jarri zioten, 1936an nazionalak herrian sartu zirenean izen arriskutsu hori masillaz estali zuelako. Tabernek ere bazuten berea: Bar Creta izenez ezagutu zuten beti herrian, armada ingelesak Kreta irla harrapatu zuen egun berean taberna inauguratu zutelako. Eta ingurukoei auziak jartzen aritu zen batek taberna zabaldu zuenean, herritarrek Bar Trastorno izenarekin bataiatu zioten negozio berria. Gaztetan futbolari trebe izanik, garaian Panizo izeneko jokalari famatuaren antzekoa zelako, oraindik ere Panizo izenez da herrian ezaguna. Eta Escopeli futbol entrenatzaile ospetsuaren izena gelditu zaio betiko, aro hartan futbol talde xumeak entrenatzen jardun zenari. Ardozale porrokatua zen bat, zahatoaren bikea edo pikiarekin zuen harremanagatik Pikia goitizendu zuten. Eta egun osoan zehar igeltsero lanetan han-hemenka jardun ondoren gauez herriko sereno egiten zuenari, leku guztietan zegoela esaten zutenez, itsatsi zioten izengoiti aproposa: Jaungoikoa. Qui chante l’amour eta Qui chante le troubadour kantu frantsesak abestea gogoko zuenari Bixante leporatu zioten betiko. Eta jateko «mami» ala «hezur» nahiago zuen galdetu ziotenak argi eta ozen mami erantzun zuenez ustekabean mamitarren leinua fundatu zuen. Izengoitirik gabeko jenderik ote zegoen galdetzean hau erantzun zidan lagunak: –Bai, ezizenik gabeko familia bati honako hau jarri zioten: Sinmote. Donostian horrelakorik ez al dagoen galdetu zidanean oroitu nintzen goitizenen zerrendari neronek egindako ekarpen txiki batez: Euskaraz tutik ere ez zekien koadrilako adiskide batekin Europako iparraldera egin genuen oporraldi batean Danimarkako neska batzuekin harremanetan jarri ginen. Lagunak eta nik, gure artean, espainolez egiten bagenuen ere, nire adiskideak nesken aurrean espainol itxurarik eman nahi ez zuenez, teknika bitxia erabili zuen. Buruz ondo ikasiak zituen euskal kantuen letrak errezitatu zituen naturaltasun handiarekin: Itturingo harotza Erramun Joakin, hasarre omen zira zeren dugun jakin, eta neronek barre artean zerbait erantzun ondoren: Iparragirre abila dela askori diot aditzen, eskola ona eta musika, hori hoiekin serbitzen, nire barreak gero eta ozenagoak ziren, baina lagunak: Bautista Basterretxe mutiko pijua, nere gurdi hardatza ohoztuta dijua… Eta puska batean hala jarraitu genuen, serio-serio bera eta barrez lehertzen neroni. Adiskidearen hizkerarako ganora eta esaldiak rimaz amaitu beharrak neska haietako baten kuriositatea piztu eta halako zerbait bota zion nire lagunari: You sound like Shakespeare! Alegia: Xespirrek bezala hitz egiten duzu! Donostiaratu ginenean koadrilakoei pasadizoa kontatzearekin bat sortu zen ezizen berria: Xespir. Tamalez ez zion deitura honek asko iraun. Parranda gau batez, egarriak jota, Xespirrek txoko batean aurkitu zuen ur botila batetik tragoskada bizia egin zuen. Ez zen ur garbia, agoarrasa baizik. Zorionez ez zuen kalte gogorrik izan, baina goitizena aldatu genion. Harrez gero : aguarrax.