'3.000 zorion'
Aukera nuen artikulu baikor-baikor eta animoso bat egiteko, 3.000 gol eta 3.000 pozei buruz hitz egin, gure historioaz jardun eta aurrean dugun etorkizun oparoaz aritzeko. Baina onartuko didazue zerbait idazteko aspergarri samarra dela.
Gainera, idazten hasi naizen honetan poz-pozik nengoen Valentzia etxean berdinketarekin amaitzear baitzegoen, baina hara non bigarren zatiko 47. minutuan garaipena lortu duen. Gainera ez zegokion banda sake batetik. Pena, ze bestela hurrengo jardunaldia 4. postuan bukatuko genuela jakinda hasiko genuke. Orain, ordea, 4. postua jokoan dugularik joango gara Rayoren etxera. Zeinek esango zigun iaz, baina, horrek ikutu goibela izan zezakeenik?
Edonola, Valentziak jardunaldi hauetan aurre hartuko baligu ere, oraindik Anoetatik pasa beharko, beraz Championseko erronkari eustea geure esku izango dugu partida batzuetan zehar. Eta 34. jardunaldian Getafen Uefarako txartela ia-ia bermatzeko aukera izango dugu, 7 puntuko aldea baitaukagu eurekiko eta Valentziak, Malagak eta Getafek euren artean jokatu behar dutenez, okerrenera ere kostako zaie denei sailkapenean gu pasatzea.
Dena hain polita ez izateko, eztabaida irekiko dut Pardoren inguruan. Nik uste Malagaren aurkako partidak Pardo gaur egun zernolako jokalaria den ikusteko balio duela. Nik neuk minutu gehiago jokatu beharko lituzkeela pentsatzen dut, baina eztabaida hori 2 esparrutan eman beharko litzateke 1. Egoki hazteko behar dituen minutuak 2. Egoera bakoitzean taldeak zer behar duen eta Pardok zer eskaini ahal dion. Nahi hurrenkeran.
Horien arabera eztabaida dezakegu noiz eta zenbat jokatu behar duen. Baina, batzuek eskatzen dutenaren aurka, nik uste talde osoa eskura izanda Pardo ez dagoela nahitaez ohiko 11koan egoteko. Egia da Espaynolen aurka pase zoragarria sartu zuela eta Malagaren aurka ere berak jo zuela gol bihurtu zen korner jaurtiketa. Baina gaizki egindakoak ez zaizkio ikusi nahi, edo beste batzuei baino gutxiago behintzat. Oraindik gauza askotan berde samar dago. Ados, hori minutuekin konpontzen da, eta hor egon daiteke eztabaida; ez, ordea, bere erabateko titulartasun ukaezinean. Ulertzen dut halere aspergarria dela denak ados eta pozik egotea, eta batzuek zer edo zer behar dutela pozak txoratzen daudela nabari ez dakien.

