30 urte, plaka soil bat eta agur
30 urte eta gero, plaka bat jarriko diote izeba Rosiri Olaeta plazan. Eta bukatu da.
Hori izango da 30 urtetan agintean egon direnek eskainiko digutena.
Pozik egon behar dugu? Badakigu Jaurlaritzatik eta udaletik jaso genezakeen guztia jasoko dugula. Rosi indarkeriaren biktima gisa onartua izan da, administrazioek legearekin eta protokoloekin konplitu dute eta ekitaldi instituzionala eskainiko digute bihar; lehenik, udaletxean, ekitaldi pribatu batean, eta 12:00etan, Ferrerias plazan, ekitaldi publiko batean. Eta kito, bukatuko da. Administrazio guztientzako Rosi Zarra ahanzturara pasatuko da.
Baina, gurea, kasu berezia da, salbuespen bat. Rosi Zarra Ertzaintzaren indarkeriaren ondorioz hildako biktima dela onartu baita. Eta horregatik pozik egon behar dugu, bai. Garai hartan agintean zeuden EAJko kideek kasua artxibatzea lortu zuten, presio izugarria eginez; komunikabideen, forentseen eta justizia administrazioaren konplizitatea eta isiltasuna lortzeko. Zorionez, urte luzetan izebaren mediku izandako Ales Elosegik eta Polizia Gehiegikerien Balorazio Batzordearekin egindako lan eskergaren ondorioz, gezur eta oztopo guztiak gaindituta, lortu dugu, behingoz, Ertzaintzaren biolentziak biktimak eragiten dituela onartua izatea.
«Zupiria jauna, […] har itzazu neurriak horrelakoak berriro ere gerta ez daitezen, bestela, bihar ere, berriro ere, ertzainek beste bat hilko dute»
Baina, Zupiria jauna, nola uste duzu sentitzen garela biktimen senideak Ertzaintzak biolentzia erabiltzen duen bakoitzean? Eta pilotakada edo foam tiroen ondorioz pertsonak burezurra hautsita, konorterik gabe, barrabil, begirik edo hortzik gabe uzten dituenean? Guri, berriro ere, zauria irekitzen zaigu. Batez ere, duela 30 urteko sailburu Juan Mari Atutxak egin bezala, gezurrak, irainak eta oztopoak baliatzen dituenean Ertzaintzak eta, bide batez, Eusko Jaurlaritzak, herritarren kontra eragiten duten indarkeria ezkutatzeko.
Berriki, denok ikusi ditugu Gasteizko irudiak, eta izeba Rosiri bezalaxe, zortzi metrora tiroa egiten du ertzain batek, burura apuntatuz! Guztiz ilegala den ekintza eginez. Aritz Ibarra hil zezakeen, lehenago Rosi Zarra edo Iñigo Cabacas hil zituzten bezalaxe. Gainera, sailburu bihozgabe bat ikusi dugu kontakizunari buelta eman nahian, atentzioa beste gaietara desbideratuz.
Zupiria jauna, sailburu gisa duzun arduragatik, izan justua, arbuiatu indarkeria Ertzaintzarena bada ere, eta egon zaitez biktimen ondoan. Baina, batez ere, har itzazu neurriak horrelakoak berriro ere gerta ez daitezen, bestela, bihar ere, berriro ere, ertzainek beste bat hilko dute.


