Osakidetza, osasun sarbiderako oztopo
Astearteko goizeko zazpiak dira, kanpoan hotz egiten du, baina zu goxo zaude zure autoan berogailua piztuta, ospitale inguruko etxeetan aparkatuta, zure lanpostura sartzeko 50 minutu lehenagotik zain; egia esan, ez zeneukan ezer hobea egiteko. Atzo, haurrak norekin utzi ez zenuenez, hamabost minutu beranduago etorri zinen eta jada ez zegoen lekurik ospitale inguruko etxeetan, Illunben kotxea utzi eta euritan kilometro bat oinez egitea beste aukerarik ez zenuen izan.
Edo, are okerrago, asteazkena da, 11:30ak, ospitalera autoz ekarri zaitu ahizpak, Traumatologian zure belauneko zirujia osteko kontsulta daukazulako. Hitzordua 12:15ean da, baina, badaezpada, goiz etorri zara, abisatu dizute aparkaleku arazoak daudela. Hasi zara ospitale inguruan buelta eta buelta, baina dena beteta dago, ordainpeko aparkaleku txikian ere ikaragarrizko auto ilara dago; ia hamar euro ordaintzeko prest egonda ere, ezinezkoa da. Agian, ahizpak ospitale sarreran utzi eta bakarrik joan beharko duzu kontsultara makulu eta guzti; eskerrak zu zaren eta ez zuen 87 urteko ama.
«Onartezina da egunero lanera garaiz iristeko horrenbeste buruhauste eta denbora galtze jasan behar izatea»
Hauxe da Donostia Unibertsitate Ospitaleko langile zein paziente eta senideen eguneroko egoera. Hau, ordea, ez da zerbait berria, urteak daramatzagu aparkaleku arazoekin. Izan ere, urteetan zehar, ordainpekoa izan da ospitaleko aparkaleku nagusia, Frontera Parking enpresaren irabazi ekonomikoak lehenetsi baitira, gure eskubideen gainetik. Ordaindu zezaketen langile batzuek, kuota bidez, aparkaleku bat erreserbatuta izaten zuten, eta paziente askok kontsultara edo senideak bisitatzera joateko oso prezio altuak ordaindu behar izaten zituzten. Orain, gainera, eraikin berriko lanengatik, parking hau denboraldi luze baterako itxi dute eta, erabat aurreikusgarria zen egoera honen aurrean, Osakidetzak ez du inongo alternatiba errealik planteatu. Lehengo egoera txarra bazen, oraingoa tamalgarria da.
Onartezina da osasun arreta jasotzeko horrelako irisgarritasun oztopoak izatea, edota enpresa pribatuek behar horretatik etekin ekonomikoak ateratzea. Onartezina da egunero lanpostura garaiz iristeko horrenbeste buruhauste eta denbora galtze jasan behar izatea. Honegatik, Doako Parkinga Denontzat dinamikako kideok borrokan jarraituko dugu, pazienteen osasun sarbide unibertsal eta doako baten alde, zein langileon eskubideen alde.