46. urtean gaudenean
Autonomia lortu genuenetik 46. urtean gaudenean, euskararen egoera ez da askorik aldatu. Segitzen dugu beti bezala menderaturik dagoen hizkuntza batekin. Horregatik, dauzkagun arazoek hor jarraitzen dute.
Etorkinei dagokienez, minoria txiki bat euskara ikasten saiatzen bada ere, gehiengo handi batek inolako presiorik ez du nozitzen horretarako. Gehienek uste dute Madre patrian daudela, eta ez dute inolako beharrik euskara ikasteko. Gainera, gehienek uste dute inposizio bat dela ikastera behartzea. Horrez gain, pentsatzen dute euskara ikastera behartzea inposizio arrazista edo antzeko zerbait dela. Hori da errealitatea.
Minoria oso txiki bat badago, herri euskaldunetan bizi dena, batik bat, euskalduntzeak merezi duela ikusten duena. Ikasten hasten diren gehienak emakumeak dira eta lan ordu pila bat egiteaz gain, diruz eta denboraz larri dabiltzanak.
Euskaltegietan badaude horientzako ikastaroak, AISA izeneko egitarau bat dute, klaseak igandeetan izaten dituzte eta haurtzaindegia ere izaten dute umeak uzteko. Klase horiek doan dira. Ikusten duzuen moduan, nahiko egoera prekarioa da. Gipuzkoako latinoen Esperanza Latina izeneko elkartea da arduraduna eta udalarekin daude harremanetan. Ikasleak Donostiako auzoetakoak dira gehienak eta inguruko herrietakoak ere bai. Dena dela, gutxi batzuk baino ez dira euskara ikastera animatzen.
Bestalde, egun hauetan ikusten ari gara toki eta arlo batean baino gehiagotan euskarari eraso egiten ari direla, bai euskara hizkuntzari edo beste modu batean esanda euskararen erabiltzaileari, hau da, pertsonaren euskaraz bizitzeko eskubideari.
EAE sortu zenetik, aurrerapausoak emango zituen euskarak normalizazioaren bidean, baina, horiek ez gaituzte eraman hizkuntza gutxituaren normalizaziora. Gainera, azken urteotan ikusten ari gara normalizazioan aurrera egiten saiatzen garenean, agintean dauden indarrak ateratzen direla normalizaziorako bidea oztopatzera.
«Herri bat gara, nazio bat gara, baina, herri honek ez du botererik […]. Ondorioz, gero eta jende gehiago ari gara independentzia aldarrikatzen, izan ere, aurrera egiteko beste biderik ba al dago?»
Azkenaldi honetan, indarrean dagoen botere judiziala da oztopo horien eragile nagusia. Botere honek ez du ezikusiarena edo ezentzunarena egiten. Erne dago une oro indarrean dagoen legedia betearazteko.
Eta epaileak euskararen aurrerapauso oro galarazteko prestutasuna du eta badakite jendartearen zati bat (sindikatu batzuek eta abar) prest dagoela epaitegietara jotzeko, esanaz eskubideak urratzen direla, euskara inposatzen dela administrazioan, guztiok dakigunean inposatzen diren hizkuntzak espainiera eta frantsesa direla. Alegia, sindikatu hauek eta euren antzeko beste erakunde eta norbanakoak ondo dakite zein hizkuntza den hegemonikoa eta zein bigarren mailakoa.
Egia da lan egiteko eskubidea unibertsala dela, baina, ez da batek nahi duenean nahi duen moduan erabiltzeko. Hortaz, nahiz eta gehiengoa garen egoera hori onartzen ez dugunak inposatzen zaigun estatus hori indarrean dagoen bitartean ezer gutxi egin dezakegu.
Nola eman buelta egoera honi? Galdera honi erantzuna ematen dionak esango du indarrean dagoen legedia aldatzen ez den bitartean jai dugula. Orain dagoen legediak ez digula balio, ezinbestekoa dela beste paradigma bat, non posible izango den herritar gehienen borondatea betetzea.
Non dago gakoa gogo hori aurrera eraman ahal izateko?
Herri bat gara, nazio bat gara, baina, herri honek ez du botererik. Ondorioz, ez du sistema judizial propiorik. Ondorioz, gero eta jende gehiago ari gara independentzia aldarrikatzen, izan ere, aurrera egiteko beste biderik ba al dago?
Beste modu batean esanda, erabakitzeko eskubidea, burujabetza, lortu ezean, ezinezkoa da egoera honetatik irtetea. Hor daukagu horma edo pareta eta horren aurka joko dugu behin eta berriz eta ezingo dugu aurrera egin eta hori guztiok dakiguna da.
Beraz, ez nau harritzen gero eta talde gehiago argi eta garbi independentzia aldarrikatzen ikusteak.