'72.000 esker!'
“denborak ez du inor eta ezer barkatzen” (Txillardegi)
Donostiak ba omen ditu motibo sendoak “euskararen hiriburua” izendatua izateko: Euskal Herriko prentsan aurrenekoz azalduriko euskal testua Donostian idatzi eta argitaratu omen zen, Donostian argitaratu izan dira lehen euskarazko aldizkariak, Donostian entzun omen zen euskara lehen aldiz eskenatoki batean, Donostiako euskal kulturak pertsona nabarmenak eman ditu historian zehar. Guztiak jasota eta erakusgai ditugu Donostian antolatu izan diren “euskararen ibilbidea” izeneko bisita gidatuetan. Hauen bitartez gure iragana ezagutarazi, transmisio lanari jarraipena eman eta gure identitatea sendotu nahi izan dute. Baina Donostia “euskararen hiriburua” izendatzeko arrazoiak egunera ekarri nahi ditugu. Gaur, 72.000 euskaldun bizi gara Donostian, eta euskaraz bizitzeko aukera errealak izan nahi ditugu, normaltasun osoz, eskubide osoa dugulako. Sarritan euskara erabiltzeagatik egoera edo une estuak jasan behar izan ditugu (aurpegi txarrak, begirada okerrak, erantzun desegokiak), hala ere, tinko eutsi nahi diogu gure hizkuntza erabiltzeko hautuari eta determinazioari. Hilabete honetan, Donostiako Udalak kanpaina berri bati ekin dio, Udalean ere euskaraz. Kanpaina honen helburua, Udal langileen artean euskararen erabilera normalizatzea, areagotzea da, langileen konpromisoa bilatu nahi dute bide horretan. Hori dela eta, lelo berarekin udal langileek eta ordezkari politikoek agerpen publikoa aurreikusi dute datorren ostiralean, beren konpromisoa berresteko. Hizkuntza normalizazio prozesu honetan ezinbestekoa jotzen dugu Administrazioaren jarrera aktiboa, aitzindaria izan behar dela iruditzen zaigu. Gutun honen bitartez, 72.000 zorion eta txalo eskaini nahi dizuegu Donostian euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa azaltzen duzuen guztioi (langileak, udal ordezkariak, politikariak). Donostian euskaraz bizi nahi dugulako, 72.000 esker! BATZEN (Donostiako Euskalgintza Bilgunea)