A-25aren ajea
Dagoeneko egun dezente pasatu dira azaroaren 25az geroztik. A-25 moduan ezagutzen duguna Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna da. Aurten, urtero lez, Donostiako Asanblada Feministak manifestazio jendetsua antolatu zuen Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean. Aldarri berarekin atera zen kalera txoko ezberdinetan Euskal Herriko Mugimendu Feminista.
Badakigu egun hauek azkar pasatzen direla, oihartzuna eta zalaparta sortu arren, hurrengo asteko albisteetan difuminatu eta pixkanaka ahazten direla. Baina digestioak eta hausnarketak askotan motelagoak dira, eta ajeak mantsoagoak.
Nire digestioa –edo indigestioa– zein izan den kontatuko dizuet. Azken urteotan askotan azpimarratu dugu/dute –Mugimendu Feministak zein bertan lanean dabiltzan taldeek– Indarkeria Matxistan gizonek duten rola (spoiler!). Argi geratu da ez dela inolako konfrontazio zentzugaberik bilatu nahi, bakoitzak duen posizio zein egunerokoan eragiten duenaren jabe egitea da asmoa, erantzukizun kontua da. Ni ere honetan naiz.
*Hurrengo lerroetan gizon-emakume dikotomiaren irakurketa oso sinplista egingo dut. Nahiz eta genero identitatea askoz konplexuagoa izan oraingoan hausnarketa azkar hau egiteko balio digu.
A-25aren biharamunean Nerea Barjola pentsalariari (Microfísica sexista del poder liburu guztiz gomendagarriaren idazleari) Critic hedabide kataluniarrean irakurri nion erasotzaile moduan ulertzen dugun gizonaren inguruko hausnarketa. Salatzen du nola askotan erasotzailearen figura salbuespen moduan ulertzen dugun, munstroa edo gizartetik aldendutako izakia izango balitz bezala. Zeinak bere bizitzan zehar hainbat zirkunstantzia gogor bizi izan dituen, eta horregatik dira erasoak justifikagarri, berriro ere erasotua izan den emakumearengan jarriz fokua.
Orduan, begirada honi buelta ematean, hau da, gizontasunaren eraikuntzan eta honek dituen ondorioetan erreparatzean, erreakzioak beti berdinak dira: gizon guztiak ez dira berdinak. Eta honekin egiten du gogoeta interesgarriena, nire ustez. Euren ustez gizon guztiak ez badira erasotzaileak zergatik ulertzen dituzte emakume guztiak berdin moduan. Gu sexu erasoak jasateko aukerak batzen bagaitu, zergatik ez ditu batzen eurak momenturen batean sexu erasoak egiteko aukerak. Horregatik dio uneoro feministen hausnarketekin irainduak sentitzen diren gizonek bizi dugun mundu patriarkalean euren pribilegioak baztertu eta analisi kritikoa egin behar dutela.
Dagoeneko ez baitu balio irainduaren paperean gotortzeak, euren burua biktima moduan aurkezteak. Ezta ere gizonak, edo hobe esanda gizontasuna, inolaz ere interpelatu gabe irakurketa abstraktua egiteak, testuinguru gabe ibiltzeak eta erantzukizuna presente ez izateak.