A ala B
Eklektizismoa «doktrinen edo askotariko jarreren arteko erdibideko jarrera hartzea» omen da, hiztegiaren arabera. Egia esan, jarrera hau izugarri hedatzen ari da azkenaldian gure gizartean. Erdibideko jarrera horiek kontraesanen teoriaren bidez justifikatzea nahikoa da askorentzat, egun batean gauza bat babestu, eta hurrengo egunean kontrakoa egiteko. Erantzukizunik gabeko iritzia da nagusitzen ari den jarrera, edozer esan eta defendatzeko aukera inolako justifikazio beharrik gabekoa.
Ezkerreko espektroan izugarri ugaldu den jarrera da honakoa, eta Palestinaren adibidea oso argigarria iruditu zait. Batetik, diskurtso ahistorikoa nagusitu da, guztiz anbiguoa, arazoa duela hilabeteko gertakarietan ezarriz eta aurrekari historiko guztiak alboratuz. Horren emaitza dira, besteak beste, «bi aldeetako bonbardaketak» eteteko eta «bi estatuen arteko» konponbidea aldarrikatzeko eskakizunak, sozialdemokraziaren partetik. Hamarkada luzeetako genozidio sistematikoa, lurren esplotazio amaigabea eta Israelen partetik masakre totala, ahanzturan gelditu dira batzuentzat. Jende bati azaldu beharko litzaioke alde batetik Israelgo Estatua legitimatzea eta palestinar borrokarekin parekatzea, eta bestetik Palestinar Erresistentzia goraipatzea bateraezinak diren bi jarrera ezberdin direla, eta kito. Biak defendatzea, hipokrisiaren gradu gorena besterik ez da.
Pasa den astean Poliziak gogor ekin zuen PSOEren egoitza aurrean Palestinaren alde eta Espainiako Gobernuaren kolaborazionismoaren aurka protestan zebiltzan gazte komunisten aurka. Politikari batzuk korrika atera ziren bertako margoketak salatzera, Israeli etengabe sostengu ekonomiko eta militarra ematen dion PSOEren gobernua babesten duten bitartean.
Agian norbaiti bere barrua lasaitzeko balioko dio Palestinaren alde kalera ateratzeak, baina ezkerreko alderdi guztiak genozidio hau hauspotzen ari direla egitate bat da. Israeli emandako babesa ez da marra gorri bat izan inbestidura prozesuan, behar bada, beste behin, babes abstraktuak ez duelako erantzukizunik eskatzen. Batzuen genozidioa eta besteen konplizitatea salatzeak, ordea, Poliziaren pilotakadak ditu ordainetan.
«A ala B» zioen Willis Drummond taldeak, baina ezker sozialdemokratari gaur egun berdin zaizkio dikotomiak, batzuetan A eta besteetan B izango da, eta ahaztu justifikazioak.