AAF, animalien askapena eta ekintza zuzena
Euskal Herrian azkenaldian gero eta aktiboagoa denez, eta hedabide askok eurei buruz berririk eman nahi ez dutela dirudienez, hilabete honetako artikuluan Animalien Askapenaren Fronteari buruz hitz egitea erabaki dugu.
Animalien Askapenaren Frontea (ALF, Animal Liberation Front ingelesez) buruzagi gabeko erresistentzia internazionala da, eta ekintza zuzena erabiltzen du animaliek sufritzen duten zapalkuntzaren aurka: animaliak laborategi eta haztegietatik askatzen, animaliak zapaltzeko erabiltzen diren eraikinak suntsitzen, animaliei zaintza medikua eta etxe berri bat eskaintzen… Aurkariek terrorista moduan definitu dute mugimendu hau.
Berrogei herrialde baino gehiagotan aktibo, AAF osatzen duten taldeek ezkutuan ekiten dute. Lagun gutxi batzuek osatutako talde txikiak izaten dira, batzuetan pertsona bakarrekoak, ezaugarri horrek autoritateen errepresioa zaildu egiten baitu.
Mugimendu honek ezkutuko eta ezkutukoak ez diren aurpegiak ditu. Guztiz deszentralizatua eta hierarkia gabekoa da eta, ondorioz, burututako ekintzetarako ez dago arduradun legalik. AAFek dionez, inork euren izenean ekin nahi badu ondorengo helburuak izan behar ditu:
- Animalien gaitz eta esplotazioarengandik etekina ateratzen dutenei kalte ekonomikoa eragitea.
- Animaliak euren esplotazio lekuetatik askatzea: laborategiak, haztegi industrialak, larru haztegiak… Hauei sufrimendurik gabeko etxe on bat eskaintzeko.
- Gatibu dauden animaliek sufritzen dituzten izugarrikeriak erakustea.
- Ekintzak burutzerakoan, beharrezko kontu guztia hartzea animaliarik ez mintzeko, gizakiak barne.
Helburu hauek jarraituz, beganoz osatutako edozein taldek AAFren parte izateko eskubidea du.
Zenbait talde existitzen dira ezkutuko aktibistak laguntzeko. Animal Liberation Front Support Group plataformak (ALF SG), adibidez, espetxeratutako aktibistak laguntzen ditu, eta edonor egin daiteke talde honen kide hilero diru pixka bat jarriz. 1994an sortutako Vegan Prisoners Support Group taldeak, bere aldetik, Erresuma Batuan egiten du lan, bertan preso dauden AAFko aktibistak produktu beganoak eskura ahal ditzaten. Animal Liberation Press Officek AAFren komunikatuak jaso, bidali eta publikatzen ditu.
Sorrera eta historia
1960ko hamarkadan Erresuma Batuan Hunt Saboteurs Association (HSA) sortu zen ehizak oztopatu eta sabotatzeko, ehizarako erabiltzen diren txakurrak zarata eta usainen bidez despistatuz.
1970eko hamarkadan HSAen parte zen taldeetako batek taktika gogorragoen beharra zegoelakoan Bands of Mercy sortu zuen, ehiztarien garraioak erasoz, gurpilak eta leihoak hautsiz, ehiza hasi aurretik gelditzeko asmoz.
1973an, talde honek Hoechst Pharmaceuticals enpresa esperimentazio laborategi bat eraikitzen ari zela jakin zuen. Azaroaren 10ean, bi aktibistak sua eman zioten enpresa horren egoitzari, 26.000 librako kalte ekonomikoak eraginez, eta sei egun beranduago berriro ere itzuli ziren, geratzen zenari berriz su emateko. Animalien askapen mugimenduak eragindako lehen suteak izan ziren, eta ekintza honi esker ehunka animalien sufrimendua eragotzi ahal izan zuten.
1974ko ekainean beste bi aktibistak itsas txakurrak ehizatzeko erabiliko ziren itsasontziei su eman zieten animalien hilketa geldiaraziz. Ekaina eta abuztu artean Bands of Mercyk zortzi eraso egin zituen esperimentazio laborategien aurka. Oilo haztegiak eta arma dendak ere eraso zituzten, eraikinak edo garraioak kaltetuz. Garai horretan ere lehen animaliak askatu ziren. Haztegi batetik dozena erdi akuri askatu zituzten, eta ekintza horrekin haztegia ixtea lortu zuten, jabea eraso gehiagoren beldur zelako.
1974ko abuztuan Lee eta Goodman aktibistak atxilotu zituzten laborategi baten aurkako eraso batean. Hiru urteko espetxealdira kondenatu zituzten, eta Leek mugimenduaren lehen gose greba egin zuen animalien jatorrizkoa ez zen arropa eta janaria lortu ahal izateko.
1976ko udaberrian Lee aske geratu zen, inoiz baino militanteago, eta geratzen ziren Bands of Mercyko kideak eta beste bi dozena kide berri batu zituen. Taldeak ordura arte izandako izena mugimendu iraultzaile batentzako aproposa ez zela erabaki zuten, eta horregatik adostu zuten hortik aurrera Animalien Askapenaren Frontea izango zirela.